GARA
ONDARROA

Manifestazioa deitu dute gaur doluak hartutako Ondarroan

Santa Clara izotz fabrikan izandako istripuaren ondorioz zendu ziren bi langileen heriotzak salatzeko manifestazioa deitu dute sindikatuek gaurko eta Udalak bi eguneko dolua ezarri du. Suhiltzaileak Ondarroan izan ziren atzo, amoniako usaina zabaldu zelako.

Asteleheneko ezbeharrak herria gogor astindu ondotik, suhiltzaileek berriro jo behar izan zuten atzo Ondarroako Santa Clara izoztegira, amoniako usaina zabaldu baitzen goizeko lehen orduetan.

11.00ak aldera iritsi ziren suhiltzaileak lantegira eta inguruan zegoen jendea urrunarazi zuten, badaezpada. Ordubete inguru eman zuten izoztegian eta beste isuri bat gertatzeko arriskurik ez zegoela baieztatu ondoren, alde egin zuten bertatik. Iturri batzuek jakinarazi zutenez, 13.00ak aldera ireki zuten berriro polizia-lerroa.

Bezperan, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak baieztatu eta sindikatu guztiek exijitu zuten bezala, Osalaneko teknikariak ere lantegian izan ziren atzo goizean, Alberto Badiola eta Jabi Elu langileak ziren istripua argitzeko ikerketa lanak egiten.

Bien bitartean, Ondarroako Udalak osoko bilkura berezia egin zuen atzo, herriko arrantzaleen kofradia zaharrean, eta babesa eta laguntza eskaini zien bi hildakoen senitarteko eta lagunei. Udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta EAJk adostuta, ezbeharra argitzeko beharrezkoa den guztia egingo dutela azpimarratu zuen Zunbeltz Bedialauneta alkateak, eta bi eguneko dolua ezarri dute.

Gainera, bat egin dute sindikatuek deitutako lanuztearekin. Izan ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek bi orduko lanuztea deitu dute gaurko 11.30etik 13.30era, eta 12.30ean manifestazioa egingo dute Zaldupe zubitik abiatuta.

Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibon Zubielak (LAB) eta Leire Herediak (ELA) doluminak eta elkartasuna helarazi zieten, sindikatu guztien izenean, hildakoen senide, lagun eta lankideei, baita herritarrei ere.

Amoniakoaren presentzia zela-eta oraindik gertakarien inguruan dagoen informazioa mugatua izanik ere, gehiengo sindikalak gertatutakoa argitzeko ikerketa burura eraman dadila exijitu zuen, baita ardurak zehaztu daitezela ere.

Aurten, 14 hildako

Salatu zutenez, urtea hasi denetik 14 dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz hildako langileak. Sindikatu horien guztien ustez, «heriotza-istripu hauek ez dira kasualitatea, lan baldintza kaskarrean, prebentzio neurri eznahikoen edo mantenimendu faltaren ondorio» baizik. Hala, «neurri egokiak hartuz gero», ekidin daitezkeen istripuak direla adierazi zuten prentsaurrekoan.

Egoera honi aurre egiteko «mobilizazioa eta borroka» ezinbestekoak direla azpimarratu zuten, eta dei egin zuten gaur, 12.30ean, manifestazioan parte hartzera, eta bi orduko lanuztea gauzatzera. Aldi berean, patronalei eta administrazio publikoei erantzukizuna beren gain hartzeko exijitu diete.

Hain zuzen ere, Angel Toña Lakuako Gobernuko sailburuak ez ezik –astelehen arratsaldean Ondarroako portura gerturatu zena–, Iñigo Urkulluk ere doluminak eta elkartasuna helarazi zien Alberto Badiola eta Jabi Elu lan istripuan hildako bi langileen senideei.

Halaber, Santa Clara enpresari eta baxurako arrantza Kofradiari ere elkartasuna adierazi zien, azken hau lan istripua gertatu zen izoztegi lantegiaren «akziodun garrantzitsua» baita.

Bestalde, Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, eta Europa Pressek jasota, Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko lehendakari Iñaki Garciñunok ziurtatu zuenez, nahiz eta enpresek beharrezkoak diren segurtasun neurriak «arduraz aplikatzen jarraitzen duten, ez zaio erne egoteari utzi behar, lehentasuna duen gaia baita».

Astelehen arratsaldekoa berri «triste eta tamalgarria» dela eta zer gertatu den ikertu beharko dela adierazi zuen Garciñunok.

«Lanean inork ez duela hil behar esan ohi dut, eta lana baino lehen benetan garrantzitsua den zerbait badago, bizitza da hori. Horregatik, bai enpresek bai langileek segurtasun neurri horiek lanordu guztietan aplika daitezen ziurtatu behar dute», azpimarratu zuen.

Lan istripua

Asteleheneko lan istripua 14.45 aldera gertatu zen, Ondarroako portuan dagoen Santa Clara izotz lantegian. Konpresore batean akatsa bat, konpresore batek eztanda eraginda. Horrek, jarraian, amoniako isuria eragin zuen.

Txanda aldaketa tarteko, 53 eta 55 urteko Jabi Elu eta Alberto Badiola behargin ondarroarrek bizia galdu zuten lan istripuan, eta portuko gune handi bat itxita egon zen zenbait ordutan, amoniako usainagatik.