GARA
ONDARROA

Herri osoak elkartasuna adierazi du Ondarroan, hildako bi langileen omenez

Ehunka herritar eta lagunek eta hainbat eragiletako arduradunek parte hartu zuten atzo, Ondarroan, astelehenean Santa Clara izotz fabrikan hildako bi langileen omenez egindako manifestazioan. Bi orduko lanuzteak «erabateko jarraipena» izan zuen eta sindikatuek «neurri zorrotzak» exijitu zizkieten instituzioei.

Astelehenean Santa Clara izotz fabrikako istripuan hildako bi langileen omenez ezarritako bigarren dolu eguna bete zuen atzo Ondarroako herriak, eta ehunka lagunek parte hartu zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituriko manifestazioan, horien artean Udalak eta Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

“Lan istripurik ez. Prekaritatea hiltzailea” lelopean, 12.30ean eman zioten hasiera mobilizazioari herriko Zaldupe zubitik eta, 40 minutu geroago, Ondarroako portuan eman zioten amaiera. Bertan, txistulari batek “Internazionala” eta “Eusko Gudariak” doinuak jo zituen eta minutu bateko isilunea egin zuten, asteleheneko 14.45 aldera konpresore batek eztanda egiterakoan hildako Jabi Elu eta Alberto Badiola gogoan zituztela.

Manifestazio honez gain, herriko enpresa eta saltoki gehienek bi orduko lanuztea egin zuten. Ekimenak «erabateko jarraipena» izan zuela adierazi zuten aipaturiko sindikatuek.

Manifestazioan, besteak beste, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi ELAko Lan Segurtasuneko arduradunek parte hartu zuten. Gogoratu zutenez, aurten hamalau dira Hego Euskal Herrian bizia galdu duten langileak, «datu onartezinak», haien ustez.

«Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen ondorio dira, ekidin daitezkeenak», azpimarratu zuen Etxaidek. Hori horrela izanik, «neurri zorrotzak» eskatu zituen, «heriotza eta miseria baino ez dakarren ereduari amaiera emateko». Igandean LAB Lekeition mobilizatuko da berriz bi langileei agurrik beroena eskaintzeko. Horietako bat sindikatuko ordezkaria zen.

Txakartegik, bestalde, euskal instituzioek egiten duten hitzaldia «onartezina» dela salatu zuen. Izan ere, «naturaltasunez onartu egiten dute jarduera ekonomikoa hazten ari denez, ezbehar kopurua ere handitu egiten ari dela», kritikatu zuen.

Atzo bertan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Ana Otadui lehendakariaren hitzetan, «elkartasun osoa» helarazi zieten langileen senideei, eta baita «hurbiltasuna eta laguntza» ere herritarrei.

Bestalde, Kirmen Uribe idazle ondarroarrak ere herriaren «elkartasuna» nabarmendu nahi izan zuen. «Ezin dut sinistu gaur egun, XXI. mendean, nola langileek lanean hiltzen jarraitzen duten», deitoratu zuen.