G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA

«Izan, egin eta eragiteko» bilduko ditu EHEk apirilaren 16an euskaltzaleak Baionan

Euskaldunak «bigarren mailako herritarrak» direla egiaztaturik, gakoa «norbanakoen ahalduntzean» datzala sinetsirik, euskara lehenets dadila eskatzeko Euskaraz Bizi eguna prestatu du talde euskaltzaleak.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak antolatuta, Euskaraz Bizi eguna izango apirilaren 16an Baionan, «euskaraz bizitzeko hautua» bultzatzeko. Hala esan zuten atzo talde euskaltzaleko Joana Halsouet, Ainhoa Zestao eta Gorka Iriartek Lapurdiko hiriburuan, egun horretarako egitaraua aletzearekin batera.

Euskalgintza «asmatzera behartuta» ikusten dute «etorkizunerako garai erabakigarriotan», eta «jauzi kualitatiboa» gauza dadin laguntzeko, hainbat gogoeta jendarteratu nahi ditu EHEk. «Izan, egin eta eragin» goiburupean antolatu dute aldarrikapen eguna, «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatu» beharra dagoelako, aktibotasun horretan baitago, beren ustez, Euskal Herri euskalduna lortzeko gakoa.

Norabide horretan, beharrezko jotzen dute «euskaraz bizi nahi dela» erakusteko egunak antolatzea, argi dutelako hizkuntzen arteko elkarbizitzan «bigarren mailako herritarrak izaten» jarraitzen dutela euskaldunek. Egoera iraultzeko, «norbanakoen ahalduntzean» eragin behar dela diote eta «burujabe jokatu». Euskarari «lehentasuna ematen dioten legedi eta politikak» eskatu zituzten eta, bide batez, horrela jarduten duten herritarrak txalotu, bai eta erabaki ausartak hartu dituzten erakundeak ere. Uztaritzeko Herriko Etxea aipatu zuten zehazki, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen lehena izan zena Ipar Euskal Herrian, 2014an.

Egitaraua

Apirilaren 16an, hala, goizean artisau azoka izango da eta haurrentzako txokoa. Behatokiaren eta Kontseiluaren eskutik Akuilari Tailerra egin ondotik, herri bazkaria izango da, Erramun Martikorena kantari dela.

Arratsaldean, 17:30ean, kalejira egingo da eta, haren ostean, Torii eta Sorkun ariko dira giroa alaitzen, eta ondoren, DJak.