Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Txanton Garroteren umiliaziotik umore kode garaikideetara

Historia, saiakera, eleberria... generoen arteko nahasketa bereziaz josi du Iñigo Aranbarrik «Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna» lan berria. 1766ko matxinadak eta Peñaflorida kondearen «El borracho burlado» baliatu ditu orduko zein egungo umore kodeak aztertzeko.

«Zorionez», definitzen zaila den obra egin du Iñigo Aranbarrik, Jose Angel Irigarayren iritziko: «Inork esango luke historia dela, fikzioa, saiakera...», baina 1766ko matxinadetako historia gogora badakar ere ez da saiakera historikoa, eta, Peñaflorida kondearen idatzien gaineko gogoeta egiten badu ere ez da entsegu literarioa. Liburuaren hitzaurrea sinatu duen Jose Luis Otamendik deskribatu du zehaztasun handienez “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” obra: «Fikzioz jantzitako saiakera baten aurrean gaude; ezohiko artefaktu literarioa da».

Izan ere, 250 urte atzera egin eta Urola bailaran eragina izan zuten bi gertakaritatik abiatuta, orduko klase borrokak, artea eta kulturaren erabilpena eta oro har gizartearen jokabideak aztertu eta garaiotako jarrerekin alderatzeko gonbita egiten du Aranbarrik. Txanton Garroteren istoriotik abiatuta, umore kodeen gaineko gogoeta eta garaiotako autokritika ere eraman du autore azkoitiarrak lan berrira.

Aranbarrik berak azaldu zuenez, “Apirila” (Susa, 2014) eleberrirako bildu zuen dokumentazioak akuilatu du lan berri hau idaztera. Nobela hartan, 1766ko apirileko matxinadak izan zituen ardatz: Karlos III.ak prezioen liberalizazioa legeztatu eta espekulazioaren eraginez oinarrizko produktuak garestitu izanaren ondorioz jendeak kalera ateratzea erabaki zuen. «Azkoitian hasi, Azpeitiraino zabaldu eta Bergararaino iritsi ziren protestak», ekarri zuen gogora Aranbarrik, eta prezioen merkatzeaz gainera lurren gaineko kontrola eta beste hainbat eskakizun ere izan zituztela gaineratu zuen: «Gaur egunean oso moderno zaizkigun kontzeptuak XVIII. mendekoak dira». Bere herriko historia hori kontatzeko nahitik hura bizi izan zutenen izen-abizenak agerrarazteko grina sortu zitzaion eta, hala, matxinatuak epaituak izan zireneko aktak baliatu ditu, batetik, kontakizuna harilkatzeko.

Obraren bigarren zutoina Peñaflorida kondearen “El borracho burlado” opera umoristikoa da, matxinada abiatu baino urte eta erdi lehenago estreinatu zena. «Uxoa Anduagak dio umorea ez dela neutroa, politikoa dela; ez dago ideologiarik gabeko umorerik. Badago botere ekonomikoan oinarritutako umore bat», ziurtatu zuen Aranbarrik. Opera honetan, emakume batek laguntza eskatzen die hiru jauntxori, edanari emana dagoen bere senar Txanton Garrote gobernatzen lagun diezaioten eta, hauek, edanda dagoela dotore jantzi, markesa dela sinestarazi eta agertokira igoarazten dute, barregarri uzteko asmoz. «Txanton jaitsi egin zen eszenatokitik», ekarri zuen gogora Aranbarrik, eta matxinaden gaineko datuak biltzen ari zela aurkitutako epaiek Peñafloridak urte eta erdi lehenago iragarritakoekin duten antzekotasunak –astoan ibiltzea, zigorradak eta urkamendia aipatu zituen– nabarmendu eta «inon bilduta ez dauden datu horiek» nonbait bateratu eta herrikideen izen-abizenak gogora ekarri nahi izan dituela zehaztu zuen.

Era berean, 250 urteko aldea duten bi gizarteak alderatu eta umorearen gaineko hausnarketa ere badakar azkoitiarrak, baita klasismoak antzerkian hartu duen bidearen gaineko gogoeta ere: «Uste dut honetaz idatzi beharra nuela eta uste dut baita ere gure historia sozialaren aldarri bat dela. Errebisioa behar du gure umore matxista, klasista, esklabista eta xenofoboak. Gure antzerkiaren errebisioa ere egin behar da. ‘El borracho burlado’ aspaldikoa dela diogu, baina garaiko gizartearen errebisioa ere egin beharko genuke, agian ez gaudelako horren urrun».