GARA
GASTEIZ

Laneko prekaritarearen kontrako kanpaina abiarazi du LAB sindikatuak Araban

Sindikatuak Arabako lau enpresa indartsuenak aztertu ditu herrialdeko industriaren diagnosi bat egiteko asmoz. Hala, ondorioztatu du prekaritatea, eskubideen murrizketa, enpleguen suntsiketa eta lekualdaketak, besteak beste, ohikoak direla.

LAB sindikatuak kanpaina bat abiarazi du Araban laneko prekaritatearen kontra egiteko eta «patronalak klase politikoarekin duen adostasuna» salatzeko. Hala, enpresetan hainbat dinamika jarriko dituzte martxan Araban enplegu duina aldarrikatzeko helburuarekin.

«Gero eta lan baldintza txiroagoak topatzen ditugu», adierazi zuten. Baldintza horien artean patronalak langileei egiten dien «mobbing etengabea» aipatu zuten. Salatu zuten patronalak lanpostuak sortzen ari dela esaten duenean, «prekarioak diren eta miseriazko soldata duten» kontratuak direla. Era berean, aipatu zuten oraindik ere gizon eta emakumeen arteko soldatetan aldea nabaritzen dela, eta mugikortasun geografikoak eta kaleratzeak merke ateratzen direla.

Sindikatuaren ustez, beharrezkoa da erakundeak herritarren zerbitzura jartzea eta «patronalaren abusuei aurre egitea». Ordezkari sindikalen iritziz, administrazioek «zenbat eta ordu gehiago hobe» dela diote baina aldi berean 35 orduko lan-astea berreskuratzearen alde agertzen dira, eta sindikatuek ez dute jarrera hori begi onez ikusten: «Ez da etikoa, inondik ere».

Arabako egoerari erreparatzeko asmoz, herrialdeko lau enpresa indartsuenak aztertu dituzte: Mercedes, Michelin, Tubos Reunidos eta Aernnova. 12.000 langiletik gora duten enpresa hauetan prekaritatea, eskubideen murrizketa, enpleguen suntsiketa eta lekualdaketak aurkitu dituzte, «beti ere ‘ahalegin kolektiboa’ eufemismoaren mozorroarekin».

Ekonomiari bultzada

Administrazioei dagokienez, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek aipatu zuenez, ekonomia berreskuratzeko bidean lurraldeari bultzada bat emateko Plan Estrategikoa martxan jarriko du. Horren baitan, industriari bultzada bat ematen eta kalitatezko enplegua sortzen saiatuko dira. Era berean, Jundizko geltoki berria merkataritzarako aukera bat izango dela aipatu zuen. Izan ere, bere ustez, «Europako iparraldean sortzen den eta hegoaldera datorren trenbideak» enpresa berriak eratzeko balioko du.