Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Elkarrizketa
OIER ILLARRAMENDI
PRO ZARAUTZ TXAPELKETAKO ZUZENDARIA

«Asteburuan sekulako baldintzak izango dira: eguraldi ederra eta itsaski sendoa»

Surf munduan pertsona aski ezaguna da Oier Illarramendi zarauztarra. Puntako surflaria izateaz gain, Euskal Herriko Federazioak antolatzen dituen hainbat txapelketatan zuzendari lanak egin izan ditu. Orain, beste urrats bat egin, eta munduko txapelketa bateko zuzendari izatea egokitu zaio. Txapelketa lehiakide bezala probatu ostean, orain lehorreko lanak garatu behar.

Txapelketa hasi bezperan harrapatu dugu Oier Illarramendi hondartzan bertan. Datozen egunetarako espero duenaz galdetu, eta argi hitz egin digu.

Zergatik egin duzue munduko txapelketa bat?

Gaur egun ez dago aukera handirik: Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako txapelketak daude batetik; eta, gero, europarrik ez dagoenez, hurrengo aukera mundu mailako txapelketak dira. Bestalde, Pro Junior txapelketak daude, hauek ere mundu mailakoak; eremu interesgarria da, baina jada Sopelan egiten da kategoria honetako txapelketa bat, eta, WQS erakundearen arabera, mota honetako bi txapelketa eremu hain txikian ezin dira egin. Beraz, aukerak ikusita, maila honetako txapelketa bat egoki ikusten dugu.

Orduan ez diozue garrantzi handirik ematen izar bat, bi edo sei izateari?

Kirol ikuspegitik eta bertako surflariei begira, guretzat garrantzitsuena zera da, erreferentzia bat izatea, batetik, eta, bestetik, parte hartzeko aukera bat izatea. Parte hartzeko txapelketak eskaintzen dituen gonbidapen wildcardak eskuratzeko hiru modu daude. Bata, Zarautzen egiten den txapelketa herrikoia irabaztea; gero, Gipuzkoako txapelketako irabazleak leudeke; eta, azkenik, Euskal Herriko txapelketa irabazten duten lehiakideak daude. Batzuetan batean zein bestean irabazlea berbera izaten da, eta, halakoetan, bigarren postua lortu duen lehiakideari ematen zaio wildcarda eskuratzeko aukera. Guztira bost wildcard eskain ditzake txapelketak; beraz, hiru mutilentzat dira, eta, beste bi, neskentzat. Kasu honetan wildcarda eskuratu duten lehiakideak honakoak dira: Zarauzko txapelketatik, Mikel Elizalde eta Nadia Erostarbe; Gipuzkoatik, Ethan Egiguren eta Ainara Aimat; eta, Euskal Herriko txapelketari esker, Roberto Letemendia.

Munduko txapelketetan babesle nagusia marka izen bat izaten da. Oraingo honetan ez da horrela izan, zergatik?

Normalean mota honetako txapelketetan presenting sponsor deitzen zaiona egoten da, alegia, babesle nagusi bat dago, txapelketa egingo den bermea ziurtatzen duena. Kasu honetan, babesle nagusia topatzeko zailtasun handiak izan genituen, zeren marka handiek gutxienez urtebete lehenago sinatzen baitute halako txapelketa batean babesle izateko kontratua, baina WQS erakundearen baietza abenduan jaso genuen. Alegia, mundu mailako WQS zirkuituan sartzeko baiezko erantzuna hain berandu jasota, ez genuen babesle handi bat lortzeko aukera askorik; beraz, Zarauzko udaletxera jo genuen eta aurkeztu genuen aurrekontuarekin bat egin zutenez, babesle nagusia Zarauzko Udala dela esan daiteke, eta honekin batera Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza leudeke.

NAIZek ere ekarpen esanguratsua egin du, beraiei esker neskek ere mutilek adinako diru saria irabazi ahal izango baitute; eta gero, babesle txikiagoak daude: Gesalagak edo Arguiñanok, esaterako, langileentzako janaria prestatuko dute; Zurekin ostalarien elkarteak, berriz, epaile eta langileen egonaldia bermatzeko gelak eskaini dizkigu. Eta, horrela, laguntza sare bat osatu dugu gure beharrei ahalik eta modu duinenean erantzuteko.

Orain arteko txapelketekin alderatuta, zein bereizgarri azpimarratuko zenuke?

Batetik, surflariei begira, lehenik, parte hartzeko aukera wildcard bidez. Gero, surflari onak etortzeak maila orokorra igotzen laguntzen du, ikusiz ikasten baita, eta motibazioa hartzeko. Izar batekoa izanda parte hartzeko errazagoa da; zeren izen ematea merkeagoa baita, eta, gainera, maila hain handia ez denez, surflari gehiago ausartzen da parte hartzera. Beraz, ikusleen aldetik begiratuta, surfari dagokionez maila apalagoa ikusiko dute, baina, hori konpentsatzeko, egitarau oso zabala antolatu dugu.

Ikusleei begira, ohiko jardunaldi formatua aberasten saiatu gara. Huntington Beachen edo Newquayen egiten diren festibaletan hartu dugu erreferentzia. Maila apalago batean, noski, baina surfera eta gaueko kontzertuetara mugatu beharrean, bestelako ekimen interesgarri batzuk antolatu ditugu. Egitarau zabala osatu dugu: goizetan yoga saioak, surf ikastaroak, herri kirolak ere bai, zeren kanpotik datorren jendeari bertako kultura ere erakutsi behar baitzaio.

Beraz, ikusleen ikuspegitik begiratuta, baliteke olatuen gainean maila apalagoa ikustea baina orokorrean ikuskizun gehiago izango da; eta, aurrera begira, txapelketa egonkortzea lortzen badugu, beste ekimenek ere indar handia har dezakete, eta, horrela, gerta liteke urte batean itsasoko baldintzak eskasak izatea, baina, adibidez, skate mailan mundu mailako lehiakideen parte-hartzea izan eta sekulako txapelketa egitea.

Itsas eta eguraldi iragarpenak kontuan hartuta, zein da datozen egunetarako egitaraua?

Osteguna izango da txarrena. Euria, olatu narrasak eta lehiatzeko baldintza gogorrak izango dira, baina mutilen lehen txandekin hasiko gara; bestela, iganderako txapelketa behar bezala amaitzeko zailtasunak izango ditugu. Ostiralean, hobetzen hasiko da, bai eguraldia eta bai itsasoko baldintzak. Ostiralean mutilen errondekin jarraituko dugu eta nesken lehen txandak ere egingo ditugu. Asteburuari begira, berriz, sekulako baldintzak izango dira, eguraldi ederra eta itsaski sendoa. Gainera, itsas hondoak oso ongi daude; beraz, oso olatu onak izango dira eta txandek aurrera egin ahala ikuskizuna ere gero eta hobea izango da.

Surflari ezagunak izango dira lehiatzen?

Europa mailan puntakoenak diren lehiakide gehienak izango dira: Maxime Huscenot, Marc Lacomare, Joan Duru, Jonathan Gonzalez, Aritz Aranburu, Hodei Collazo. Urrunetik datozen surflariak ere izango dira, Hawaiitik esaterako, Kiron Habour dator; Zeelanda Berritik ere bai. Eta nesken kasuan ere Europaz haragoko lehiakideak izango dira uretan.

Aurrera begira zein helburu dituzue?

Helburu nagusia txapelketa hau egonkortzea da. Udan egin beharrean sasoi honetan egitea ere erabaki ona izan dela uste dut, zeren itsasoko baldintzak egokiagoak izaten baitira orain. Bestalde, Zarauzko herriari begira ere, ohiko turismo datetatik ateratzeak bestela izango ez genukeen jende multzo bat erakar dezake; beraz, herriarentzat aparteko diru iturri bat ere izan daiteke.