Jon LEUNDA
Aizkora

Faboritoak aurrera doaz

Eneko Saralegi, Aritz Irazabal, Julen Larrea eta Joxean Etxeberria sailkatu dira Urrezko Aizkoran.

Herenegun Eneko Saralegik eta Aritz Irazabalek lortu zituzten Buruz Buruko Urrezko Aizkorako Txapelketan jarraitzeko txartelak, eta atzoko saioan, Julen Larreak eta Joxean Etxeberriak.

Aizkolari espainiarrak izan dira azken bi saioetako protagonistak, asko izan baitira lanean, baina bakar batek ez du lortu bigarren fasean aritzeko txartela. Garbi geratu da Euskal Herriko aizkolarien eta haien arteko aldea, lana ere ezberdin egiten baitute kasu askotan, materiala ere ez da berdina izaten, eta garbi geratu da zaila egiten zaiela hemen lana egitea, nahiz eta orain arte etorri direnak euren eskualdetan aizkolaririk onenetakoak diren.

Zortzi aizkolari ziren lehiatzekoak herenegun iluntzean Lezaman, eta han hiru izan ziren espainiarrak: Segoviakoa, Asturiasekoa eta Madrilekoa. Azkeneko biak lehen aldiz aritu ziren honelako lehiaketa batean Euskal Herrian, baina inork ez zuen bete helburua.

Irazabal eta Saralegi ziren irabazteko faboritoak, eta ez batak ez besteak ez zuten hutsik egin. Kanporaketak gaindituz joan ziren bakoitza bere adarrean, eta amaieran biek irabazi zuten euren multzoan, eta hurrengo saioan aritzeko txartela eskuratu zuten.

Atzokoan ere espainiar batzuk aritu ziren Basurtun; parte hartu zuten sei aizkolarietatik bi, hain zuzen. Hor Larrea III.a zen saioa irabazteko faborito nagusietako bat, eta bizkaitar gazteak ez zuen hutsik egin, eta amaieran honek bere helburua bete zuen. Berarekin batera, Joxean Etxeberria ere hurrengo kanporaketan izango da. Ondorioz, asteburuan jokatu diren bi kanporaketetan, bi nafar eta bi bizkaitar sailkatu dira, eta laurak ere oso gazteak direnez, ezin esan aizkolaritzarentzat berri txarra denik.

Marka saiakerak

Marka ahaleginen egunak izango dira datozenak. Uda laster etorriko da, eta orain da horrelakoak egiteko garaia, behin maiatza heldutakoan txapelketa ofizialak eta erakustaldiak hasiko baitira. Inaxio Perurenak aurrera jarraitzen du bere lanarekin, eta jadanik iragarri du 308koarekin egingo duela saioa. Leitzarra apirilaren 23an arituko da Leitzako Amazabal pilotalekuan. Inaxiok azkeneko ahalegin guztiak bere herrian egin ditu, eta oraingoa ere han egingo du. Orain dela hilabete eta erdi 305ekoa jaso zuen, eta orain beste hiru kilo gehitu eta horrekin saiatuko da. Sarrera ez dute kobratuko, baina gero nahi duenak borondatea emateko aukera izango du, gastuak ordaindu ahal izateko.

Astebete lehenago, ordea, Idoia Etxeberria arituko da, eta oraingoan ere esku bakar batekin jardungo da oriotarra. Idoia 105 kilokoa jasotzen saiatuko da, orain arte emakume batek ofizialki lortu ez duen marka egiteko asmoarekin. Azkeneko marka lortu zuela ez da asko, baina orduan ere ikusi zen indarra soberan duela, eta inork ez dauka harri hau ere esku batekin jasoko duen zalantzarik. Bere saiakera apirilaren 16an izango da Ordizian, Goierriko Zazpi Orduetan. Leku berean, aizkoran, Irati Astondoa sei 45 ontzako mozten saiatuko da, marka pertsonal bat egiteko.