Jon LEUNDA
HA

Idoia Etxeberriak beste ahalegin bat egingo du

Oriotarrak 105 kiloko harri errektangularra jaso nahi du esku bakar batekin.

Idoia Etxeberria izango da asteburu honetako protagonista nagusietako bat; izan ere, gaur Ordiziako pilotalekuan neurtuko da 105 kiloko harri errektangularrarekin. Esku bakar batekin ahaleginduko da oriotarra aipaturiko harria bizkarrean berdintzen, orain arte emakume batek inoiz egin ez duena egiteko asmoz.

Ekinaldia 17.00etan hasi eta 00.00etan amaituko da. Hala ere, Idoia Etxeberria ikusi nahi duenak itxaron egin beharko du. Irati Astondoaren lana, 22.10ean izango bada, harri-jasotzaile oriotarra ikusteko 22.59 arte itxaron beharko dute, gaueko hamaikak inguru horretan izango baita lanean.

Idoia Etxeberriak orain dela gutxi lortu zuen 100 kiloko harri errektangularra esku bakar batekin jasotzea, eta sekulako erraztasunarekin jaso zuen, hiru jasoaldi emanez. Gaurkoan ere helburua behin jasotzea izango du, hori nahikoa izango baitu marka berria ezartzeko, baina bera ezagututa seguru behin baino gehiagotan jasoko duela. Horrekin ere inork ez du zalantzarik egiten.

Maisuki erabili zuen 100eko errektangularra, eta oso erraz berdindu zuen bizkarrean; beraz, gaur marka hori lortuko duen zalantzarik ez dauka inork. Orain arte emakume batek inoiz egin gabea egin zuen orain dela hilabete eskas, eta gaur iluntzean berak duen marka hori ondu egin nahi du. Esku batekin ere markak hobetzen joateko tarte handia duela ikusten zaio Etxeberriari.

Peru Harri

Bihar arratsalderako harri-jasotzeko torneo bikaina antolatu dute Aian, Peru Harriak izeneko txapelketa, hain zuzen. Bertan bi harri ezberdin erabiliko ditu harri-jasotzaile bakoitzak.

Biak ere 125 kiloko zilindro zaharrak dira, baina harrien tamaina ez da berdina. Bat 24 ontzakoa da, eta bestea, berriz, 32 ontzakoa. Horrek harriari zailtasunak eragiten dizkio, biak pisu bera izan arren, ezberdinak direlako, tamainak eragina izaten baitu.

Izen handiak iragartzen dira gaur 18.00etan hasiko den ekinaldian. Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi, Inhar Urruzuno, Josetxo Urrutia, Aimar Galarraga eta Xabier Ariztegi izango dira lanean. Harri-jasotzaileek hiru minutuko txanda bana izango du harri bakoitzarekin. Aurrena 24 ontzakoa jasoko dute, eta ondoren, berriz, 32 ontzakoa. Antolatzaileek postu bakoitzari jarri dioten diru saria jaso ahal izateko, harri bakoitzari gutxienez jasoaldi bat ematea derrigorrezkoa izango da.

Behin Aimar Irigoien tartean baldin bada, errezildarra beti izaten da faborito, eta Aian ere bera aterako da garaipena lortzeko faborito. Hala ere, gipuzkoarrak gogotik lan egin beharko du, atzetik ere izen garrantzitsuak baitaude. Urruzuno da Bizkaiko txapelduna, eta bera ere hor agertuko da Aimarren hutsegiteren bat baliatzeko prest.

Badirudi bizkaitarra izan litekeela errezildarraren aurkaririk gogorrena, baina beste guztiak ere oso kontuan hartu behar izango dira. Galarraga edo Lopetegi gaztea ere oso indartsu daude, eta denak joango dira lan ona egiteko asmoz.

Honi buruzko guztia: HA