GARA
DONOSTIA

Iñigo Ucin izango da Mondragon Korporazioko lehendakari berria

Javier Sotilek erretiroa hartzen duenean hartuko du kargua, alegia, abuztuaren 1ean. Iñigo Ucinen ibilbide profesionala Danobat taldearekin lotuta dago, bertako zuzendari nagusia baita.

Iñigo Ucin azkoitiarra izango da Mondragon Korporazioko Kontseilu Nagusiko lehendakari berria. Kargu aldaketa abuztuaren 1ean egingo da, Javier Sotilek erretiroa hartzen duenean. Erabakia talde enpresarialaren Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak hartu zuen kide guztien adostasunarekin.

Ucin Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatetik. Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin zuen zentro berean. Bere ibilbide profesionala Danobat taldeari lotuta dago. Bertan hasi zen lanean, Izarraitz makina-erreminta enpresan. Danobatek Izarraitz xurgatu zuenean enpresaren Negozio Unitateko zuzendari izendatu zuten.

1998an Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten eta, ondoren, 2012ko irailean, Mondragon Makina Erreminta dibisioko lehendakariorde kargua hartu zuen eta Danobat taldeko zuzendari nagusi izendatu zuten. Gerora, Industria Automatizazio dibisioko lehendakariordetza kudeatzen ere hasi zen. Horrez gain, egun Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreko lehendakaria da.

Nazioarteko merkatua

Presidente berriaren ibilbidea, beraz, makina erremintaren sektoreari oso lotua egon da. Arlo horretan izan diren nazioartekotzeko eta berritzeko estrategien inguruan lan egin izan du. Hori dela eta, bere profila nazioarteko merkatuetan ohikoa den lehian aritzeko aproposa da. Alegia, Korporazioak uste du zentzu horretan «ezagutza praktiko handia duen zuzendari bat dela».

Korporazioak uztailaren 20an egingo duen urteroko batzarraren ondoren hartuko du taldearen lehendakaritza Iñigo Ucinek. Batzar horretan bi gai aztertuko dituzte kooperatibistek. Alde batetik, taldearen etorkizunari buruz arituko dira eta, bestetik, 2017-2020 urte arteko estrategia sozioenpresarial zehatza garatzeko gakoak ere aztertuko dituzte.