GARA
GASTEIZ

Evolo Z2, hirian zehar gaiak garraiatzeko kamioi txiki jasangarria aurkeztu dute

Evolo Elproex enpresak hiri barruan gaiak garraiatzeko kamioi txiki jasangarria aurkeztu du. Evolo Z2 du izena eta industriari zuzendua dago. Araban sortutako ibilgailua da honakoa, aurretik aurkeztu zuten Z1 modeloa bezala.

Z2 zama eramateko ibilgailu bat da, saltokietara produktuak eramaten dituzten horietakoa. Tamaina txikia duenez, beste ibilgailu batzuk sartzen ez diren kaleetan sar daiteke, eta gainera modu jasangarrian. Izan ere, hiru gurpileko bizikleta bat da, atzean biltegi bat daramana. Motor bat ere badu, 14 abiadura txandekin eta 250 wattekin. Orduko 25 kilometroko abiadurara hel daiteke gehienez, ibilgailu mota honetarako zehaztutako legeari jarraituz.

Biltegiak, ordea, 1.800 litrorako espazioa dauka eta tona bateko pisua jasan dezake, nahiz eta 250 kilo baino gehiagorekin ez ibiltzea gomendatzen duten motorrak denbora luzean iraun dezan. Ibilgailu berri honen prezioa 9.800 eurokoa da. Azken bi hilabeteetan 30 ekoitzi dituzte Gasteizko lantegian, eta Belgikara bidali dituzte.

Z2-ren «kideak»

Mota honetako ibilgailuei dagokienez, merkatuan dagoen bakarra da, Javier Knörr Elproex taldeko presidenteak esandakoaren arabera. Horrekin batera, bere enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa nabarmendu zuen.

Z2 bezalaxe, enpresa honek ekoizten dituen gainerako ibilgailuen diseinuak ere triziklo batean du oinarria. Z1 modeloa Z2ren oso antzekoa da, baina gidariaren lekua kristal batekin dago babestua. Elementu hori aparte dago salgai eta Evoloren edozein ibilgailuri gehitzeko aukera dago.

P1 modeloak gauzak pilatzeko plataforma bat dauka, beste kideek duten kutxa izan beharrean. Bertan paletak bezalako zamak erraz pilatu daitezke.

RS1, aldiz, pertsonak garraiatzeko ibilgailua da. Hirietan azkenaldian ikusi ohi diren taxi-bizikleta horien motakoa da eta turismoari dago zuzendua.

Azkenik, H1 modeloa hirian zehar aurkitzen diren zaborrak bildu eta dagokion puntura garraiatzeko egokia da. Atzealdean duen biltegia olana batekin dago estalia. Honela edukiontziak errazago sar daitezke espazio horretan.