GARA
afizionatuak

GRAVNI torneoko finalak Nafarroan, gaurtik igandera bitartean

GRAVNI torneoko finalak Nafarroan jokatuko dira gaur hasi eta datorren igandera arte. Guztira 50 final jokatuko dira, ezker paretako eta trinketeko 16 jokamolde desberdinetan eta bederatzi pilotalekutan banatuta: Labrit, Lopez, Oberena, Larrabide, Noain, Mendillorri, Euskal Jai, Salinas eta Lekunberri.

Hain zuzen ere, Nafarroako Federazioa izango da iaz lortu zuen garaipena errepikatzeko faborito nagusia. Final gehien jokatzen dituen taldea da –32 guztira, 22 ezker paretan eta 10 trinketean–. Gipuzkoak 24 jokatuko ditu, Bizkaiak 22, Iparraldeak 16 –trinketean 12, beste inork baino gehiago–, Arabak lau eta Errioxak beste lau.

Iparraldeko ordezkaritzarekin izandako arazoa nolabait gaindituta, aurtengoz behintzat, 2.000 pilotari inguru mugitu ditu lehiaketak, senior, 22 urtez azpiko eta jubenil mailetan, eta antolatzaileek emakumezkoen partaidetzaren gorakada nabarmendu dute: 9 final emakumezkoenak izango dira.

Finalak Matienan

Abadiñoko XII. San Prudentzio Torneoko finalak ere asteburu honetan jokatuko dituzte. Txapelak igandean erabakiko dira Matienako pilotalekuan, 17.00etan hasita. Jaialdia nesken paleta partida batekin hasiko da, Pradera eta Etxaniz Arrizabalaga eta Saezen aurka, eta ondoren bi finalak jokatuko dira: kadete mailan Agirremalloa-Ibarloza Zabala-Zubeldiaren kontra, eta nagusien mailan, Lau eta Erdian, Aspuru eta Adonis nor baino nor.