Festa gabe demokraziak jai
Ez dakit zergatik, baina gaur goizean objektibo altxatu naiz, ohikoa baino gehiago, objektibo, eta ohikoa baino beranduago. Buruzabal edozelan ere. Eta, hortaz, urruneko horiek korapiloak askatzeko erakutsi duten grina behar dut jendaurrean aitortu; beste gauza da zer aitortzen dudan jendatzean, baina hori zutabe horizontal honetatik kanpo geratzen da, momentuz. Bada bai, beheko Estatuko alderdi nagusietako buru nagusiek adostasunera behingoz ailegatzeko azken unean izan duten balentria nahi dut azpimarratu! Hauteskundeak berriro ere! Denak ados. Bazen garaia, demonio, adostasunik izateko hango eremuetan!
Eta hasiak dira, hemen ere, hautetsontziak atzeko gordailutik atera eta sei hileko hautsa astintzen, kanpoko zein barruko hautsa. Hautsontzi usaina izan ez dezaten edo. Eta ontzion lege-gordailu zenbakia luzitzen ere. Hastera doa, berriro ere, demokraziaren festa handia! Ezkerrak, itxura batean, hauteskundeak gero eta ohikoagoak izango direla aurrerantzean, bestela festa gutxi ospatuko demokrazia gizajoak! Bestera esanda, jai izango luke horrek!
Total, aurrekoan sobera geratu zitzaizkien boto-paperak ere hasiak dira hauteskunde batzordekoak berreskuratzen, ordutik hustu gabe baitzeukaten izkinako paper-ontzi urdina. Atez atekoa egin izatekotan, ostera, paperok paper zuri berri bihurtuta egongo ziren honezkero! Garestiagoa, kanpaina! Elektoralaz nago, ez antxoenaz.
Bai, paper berak oraingoan, formazio politiko gehienetan sikiera, nork bereari eusten jarraituko dionez gero. Hori bai, argazkietan ukitu batzuk egin beharko, denbora ez baita debalde igarotzen, are gutxiago batzuen ilean eta beste batzuen sabelean. Tira, horretarako sortu ei zuten Photoshop zer hori. Demokraziaren festan baliatzeko! Amen. Berriro hasi beharko nire papera nori eman pentsatzen!

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
