Xabier ETXANIZ ERLE
GAZTE LITERATURA

Abenturak ilargian

Liburuko izenburuak berak adierazten duen bezala zientzia fikzioko liburu baten aurrean gaude. Euskal letretan gutxi dira horrelako liburuak eta gutxiago oraindik genero horretako idazleak (Aitor Arana bera genuke idazlerik emankorrena). Alde horretatik eskertzekoa da egile batzuek eginiko apustua haurrei eta gazteei genero horretako obrak hurbiltzeko.

“Ilargiko zaindariak” obra honetako narratzailea androide bat dugu, A8 androidea, eta berak kontaturik ezagutuko dugu ilargian jazotzen den abentura hau. Hasierako aurkezpen laburren ondoren, antzerki lan batzuen hasieran egon ohi diren aurkezpenen antzekoa, protagonista nagusiak nortzuk diren adieraziz, obra osatzen duten hiru kapituluak agertzen zaizkigu. Eta antzerkia diot, ipuin edo kontakizun hau nahiko aproposa iruditu zaidalako antzezteko. Gertakari gutxi, espazio murriztuan, dozena erdi protagonista denetara… eta ezaugarri hauek guztiek, gehi kontakizunaren laburtasunak eta elkarrizketen pisu handiak, oso irakurketa arina sorrarazten dute. Azkar irakurtzen den obra dugu, beraz.

Ilargian girotutako kontakizunean sartzerakoan “Galaxietako gerren” androidea datorkigu burura, bera dugu, edo haren antzekoa, istorio honen narratzailea. Eta horrela ilargian bizi diren Patxi zientzialaria eta Amaia eta Dorian neska-mutikoak aurkituko ditugu, A8 androidea eta PT pterodaktilo mekanikoa lagun dituztelarik. Ilargiko Beta hirian bizi dira eta han estralurtarren erasoetatik babesteko gunea dute, Lurra babesteko gunea izateaz gain. Gure istorioko protagonistek ibilaldi batean Mireia sorgina ezagutuko dute, ilargira harribitxiak lapurtzera etorritakoa baina esku hutsik itzuliko den pertsonaia.

Lehen abenturatxo horren ondoren, banpiro baten erasoa jasango dute. Oraingoan ere, hainbat abenturaren ondoren garaile aterako dira gure protagonistak eta, gainera, Meri, ilargian jaiotako neskatoa ezagutuko dute eta urrutiko Flugi planetatik etorritako Anghelo mutiko estralurtarra.

Aitor Aranak abenturazko nobelatxoa eskaini digu lan honetan, fikzioa eta benetako gertakariak nahasiz (Armstrong, Aldrin eta Collinsen lurreratzea, esaterako) narrazio atsegin eta irakurterraza lortu du. Androide narratzaileak irakurlearengana hurbiltzen arrean zuzenean mintzo zaio batzuetan: «Gizakiak ez zarete gu bezalakoak, hau da, androideok bezalakoak. Guk egunak eman ditzakegu leku batetik mugitu gabe, baina zuek oso denbora laburra egiten duzue geldirik. Lotan ere mugitzen zarete eta!». Eta honek ere lagundu egiten du irakurketa prozesuan.

Argumentuari dagokionez, bestalde, aurreikus daiteke amaiera zoriontsua izango dela, kontakizunaren tonuak horretara eramaten du irakurlea; baina amaiera baino garrantzitsuago da kontakizunean zehar gertatzen dena, abentura batetik bestera nola pasatzen diren protagonistak, ilargian egiten dutena, lapurreta saioa, banpiroaren erasoa, Angheloren agerpena… irakurlea harrapatzen laguntzen duten elementuak dira.

Benetan zientzia fikzioa edo abenturak, edo biak, gustukoa duenarentzat liburu aproposa da Aitor Aranaren hau. Entretenigarria, arina eta bizia.