Arantxa MANTEROLA
ZIBURU

Angel Aldana Venezuelan zendutako deportatua omenduko dute Ziburun

Joan den apirilaren 3an Venezuelan hil zen Miguel Angel Aldanari Ziburuko plazan egingo diote omenaldia, gaur arratsaldean, 17.00etatik goiti. Gaur zortzi, berriz, azken agurra emango diote, eguerdian, Gorozikan, duela 67 jaio zen Bizkaiko herrian.

Aspalditik eritasunari aurre eginez zebilen Miguel Angel Aldana, 1985ean Estatu frantsesak Ekuadorrera deportatu zuenetik, egoera oso zailean biziz. Hego Amerikako herrialdean jasan zuen, hain zuzen, trantze ikaragarri bat ere: polizia espainolek, bertakoen laguntzarekin, bera eta bere kide Alfontso Etxegarai bahitu eta torturatu egin zituzten.

Gerora ere, hamaika pasarte gogor jasan behar izan zituen, adibidez Dominikar Errepublikatik Panamara eraman zutenean, AEBetako armadak egindako erasoen ondorioz bizitakoak.

Euskal deportatuak Venezuelan eman zituen azken urteak, Madrilgo gobernuaren presioak medio, han ere bizitza erabat normaldua egin ezinik. Aldanaren errautsak apirilaren 19an Euskal Herriratu zituen familiak.

Elkarretaratzeak

Atzo presoen aldeko elkarretaratzeak egin ziren honako tokietan: Tafalla (50), Lekeitio (98), Lizarra (41), Mundaka (19), Arbizu (37), Algorta (70), Lazkao (62), Bergara (60), Deba (45), Getaria (35), Gatika (11), Zarautz (148), Legorreta (71), Ondarroa (169), Iruñea (252), Gasteiz (390), Zizur (15), Barañain (39), Bera (20), Galdakao (105), Andoain (50), Donostia (151), Amara (31), Berriozar (30), Hernani (160), Etxarri-Aranatz (50) eta Errenteria (180).

Ostegunean ere, aldarrikapen berarekin, protestak izan ziren Antsoain (18), Burlata (61), Txantrea (45), Eibar (85) eta Iturraman (42).