Martxelo DIAZ
AROZTEGIA

GERO ETA GIRO GAIZTOTUAGOA DAGO BAZTANEN, SALAKETAK DIRELA ETA

AROZTEGIAN 200DIK GORA ETXEBIZITZA ETA HOTEL BAT ERAIKI NAHI DITUEN ENPRESAK JARRITAKO SALAKETA JASO DUTE BAZTANGO ZAZPI LAGUNEK. 50.000 EUROKO KALTE-ORDAINAK ESKATZEN DIZKIETE. AROZTEGIKO AFERA GERO ETA ZITALAGO DAGO ETA SALAKETA HORIEK EGOERA ARE GAIZTOTZEN LAGUNTZEN DUTE.

Salaketa hauek ez dira bakarrak. Astelehenean jakin zen enpresak Baztango alkate Joseba Otondo eta alkate ohi Garbiñe Elizegiren aurka prebarikazioagatik jarritako kereilak epaileen oniritzia jaso duela. Elizegik berak beste salaketa bat ere badu eta, ziur asko, ekainean izanen du epaiketa. «Argi dago jokaldi honekin enpresaren helburua herritarrak isilarazi eta beldurtzea dela eta baztandarrok Aroztegiko proiektu urbanistiko espekulatzailearen aitzinean dugun iritzia ez ematea», nabarmendu zuten atzo Aroztegian bertan egindako agerraldian.

«Dirudunak izanik Nafarroako komunikabide hegemonikoak beren bozgorailu gisa erabiltzen ahal dituzte, herrialdeko abokatu garestiena kontratatzen ahal dute, UPN eta Geroa Bairen gobernuengandik lehentasunezko tratua jasotzen ahal dute, baina ezinen dute inola ere ehunka baztandarrek abiatu dugun herri galdeketaren prozedura geldiarazi», gaineratu zuten.

Ayerdiren sostengua

Agerraldia egiten zuten tokitik metro eskasera Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapenerako lehendakariordea, Aroztegiko promotoreekin bildu zen. Proiektuaren aurkakoak oso haserre zeuden. Eta agerian gelditu zen haserrea benetakoa zela Ayerdi han bildutako kazetariekin hitz egiten hasi zenean. Izugarriak entzun behar izan zituen. «Lapurre, ez ebatsi gure lurre», «Geroa Bai, Kapitalaren morroi», «Geroa Bai, Herriaren etsaia», «aldaketa honetarako?», «alde hemendik», «lotsagabe» eta gisakoak bota zizkioten, etengabe.

Ayerdik egoerari aurre egin zion, patxadaz. Lasaitasunari eutsiz. Aroztegiko egitasmoari sostengua adieraztera joan zen Lekarozera eta halaxe egin zuen. Lanpostu ugari sortuko dituela nabarmendu zuen. Ez Baztanen soilik, baita eskualde osoan ere.

Ayerdiren esanetan, turismo joera berriekin bat egiten du Aroztegiko egitasmoak. «Nafarroako toki askotara joaten naizenean, lanpostuak sortzeko proiektuak bilatzen laguntzeko eskatzen didate. Hemen badugu bat», esan zuen lehendakariordeak. «Eraman hara ba», erantzun zioten oihuka proiektuaren aurkakoek. Ekimen pribatuaren onurak ere azpi marratu zituen Ayerdik. «Harrigarria egiten zait interes pribatua hainbeste kritikatzea eta espekulazioarekin lotzea», esan zuen.

Lehendakariordearen iritziz, ez da galdeketa bat egiteko unea. «Aukera izan zuten eta ez zuten egin», adierazi zuen. Are gehiago, balizko galdeketa batean Baztango herritarrekin batera Nafarroa osokoek parte hartu beharko luketela esan zuen. «Proiektu honek Baztandik harago doan esparru geografiko askoz zabalago bati eragiten dio». Hala, proiektuaren aurka daudenei ikuspegi zabalago bat izateko eskatu zien.

Ayerdiren jarrerak EH Bilduren kritika jaso zuen, «proiektu espekulatibo bati» babesa adierazteagatik. «Aroztegiko UGPSa hasieratik gaizki jaio zen egitasmoa da, funtzioetan zegoen gobernu batek onartu baitzuen Baztango Udalari dagozkion eskumenak urratzeko asmoarekin», adierazi zuen Adolfo Araizek.

«Ez dugu ulertzen, zergak Nafarroatik kanpo ordaintzeko asmoarekin Sicav delako batean bere etekinak sartuta dituzten enpresariei horrelako babesa ematea», gaineratu zuen Araizek, «ez ditugu nahi paradisu fiskaletara jotzen duten enpresari hauek, Aldaketaren Gobernuak praktika ilun horiei zergak igotzea erabaki duenean».