Tolosako polizia adituek ikertuko dituzte Baionan Derichebourgeko leherketak
Derichebourg enpresan bi langile hil eta zazpi arin zauritu zituen istripuaren arrazoiak ikertzeko lanetan leherketetan adituak diren Okzitaniako Tolosako polizia adituek parte hartuko dute. Bitartean, inguruko adinekoen egoitzako biztanle gehienak berriro itzuli dira eraikinera.

Herenegun Derichebourg enpresan jazotako leherketen ostean, Baionako Fiskaltzak «nahigabeko giza hilketagatik» ikerketa zabaldu zuen berehala istripuaren arrazoiak eta nondik norakoak zehazteko. Bide horretan, leherketetan adituak diren poliziak ekarri dituzte Okzitaniako Tolosatik bertako polizia zientifiko eta teknikariekin elkarlanean aritzeko.
Istripua ostegun goizean gertatu zen burdina eta beste metalak birziklatzen jarduten den lantegian. Nonbait, bi langile soldagailuarekin ari zirenean gertatu zen leherketa eta, ondorioz, biak ala biak bertan hil ziren. 48 urteko bi beharginak Alemaniako mugan dagoen Moselle departamenduko enpresa batentzat egiten zuten lan eta Baionako hotel batean hartu zuten ostatu beren kontratua burutu bitartean.
Beste zazpi pertsona ere arinki zaurituak suertatu ziren eta alboko enpresa batek, haurtzaindegi batek eta adinekoen egoitza batek ere kalte material ugari jasan zituzten.
Gobernuko ordezkaria
Hain zuzen ere, 100 bat adineko bizi diren egoitzan lehen konponketak amaitzen ari ziren atzo, irtenarazi zituzten guztiak berriro etxeratzeko. Astelehen goizean, beren egoeraren berri zuzenean hartzeko Pascale Boistard, Adineko Pertsonen aferetako estatu-idazkariaren bisita izango dute.
Bitxikeria moduan, Derichebourg enpresa hizpide izan zen asteartean D8 telebista kateko programa batean. Auzokideen arteko liskarrak konpontzeko bitartekaritzan aritzen dira aipatu programan. Baionako enpresaren jarduerak azken bost urteotan auzo bati sortutako eragozpenei irtenbidea aurkitu zioten.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
