GARA
BILBO

Bizkaibuseko langileek greba areagotuko dute aurki adostasuna lortu ezean

Iragan astean ekindako lanuzteekin jarraituko dute datozen egunetan Bizkaibuseko langileek eta hauek areagotu egingo dituzte enpresekin aste honetan bertan adostasunik lortu ezean. Zehazki, hil bukaeratik aurrera, lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko.

Bizkaibuseko langileek iragan astean abiarazitako lanuzteekin jarraitu zuten atzo. Txanda bakoitzeko lana bi orduz eteteaz gain, astean hiru egunez protesta egitea erabaki dute. Hala, atzokoaz gain, bihar eta ostiralean egingo dute, 07.30etik 09.30era eta 18.00etatik 20.00etara. Gainera, sindikatuek atzo ohartarazi zutenez, egoerari irtenbidea aste honetan bertan ematen ez bazaio, gatazka «enkistatzeko» arriskua dago.

Mobilizazioak autobus zerbitzuetako emakidadun diren enpresetako langile batzordeek eta ELA, LAB, USO, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dituzte, lan hitzarmenaren negoziazioan enpresek beren baldintzak okertzeko duten «asmoa» errefusatzeko, adierazi dutenez. Langileek Bizkaiko Aldundiarekin adostutako akordioak betetzea eskatzen dute. Erakunde publikoari dagokionez, bere jarrera kritikatu zuten, gatazkan parte hartu ez eta albo batean geratzeagatik. Haserrea adierazteko, eraikinaren aurrean kontzentrazioa egin zuten 10.00etan.

Sindikatuen iturriek adierazi zutenez, atzoko lanuzteek «erabateko jarraipena» izan zuten eta gutxieneko zerbitzuak «normaltasunez» bete ziren.

Aurreikuspenak betetzen badira, gaur bertan Enkarterriko eta Txorierriko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresak sindikatuetako ordezkariekin bilduko dira. Bien bitartean, Ezkerraldean eta Durangaldean jarduten duten konpainiekin kontakturen bat egotea espero dute sindikatuek. «Telefonoek irekita jarraitzen dute», adierazi zioten Efe agentziari. Astean zehar gatazkari irtenbidea emango dion aurrerapausoren bat ematea espero dute. Adostasuna lortu ezean, egoera «zaildu» eta «erradikalizatzeko» aukerak daudela ohartarazi zuten. «Guztiak dauka muga bat», erantsi zuten.

Iragarri zutenez, bi aldeak ados jartzen ez badira, maiatzaren 23, 24, 25 eta 26an lanuzteak hiru ordukoak izango dira (07.00etatik 10.00etara, 17.30etik 20.30era eta gaueko txandako lehen hiru orduetan), eta lau ordukoak maiatzaren 30ean eta 31n eta ekaineko lehen hamar egunetan (07.00etatik 11.00etara, 17.00etatik 21.00etara eta gaueko txandako lehen lau orduetan).