GARA
BILBO

IKTetan eta Interneten euskararen erabilera areagotzeko gomendioak

Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailak informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko gomendioen txosten bat aurkeztu zuen atzo Bilbon. Txostena herri aginteei dago zuzendua.

Lakuak ikusi du nahiz eta hizkuntza nagusituen hegemoniak hizkuntza gutxituak kaltetzen dituen, Interneten bestelako errealitate bat ikusten dela, alegia, «eleaniztasun handiagoa» dagoela sarean. «Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da, zeina sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian dagoen», aipatu zuten. Twitterren 33. postuan dago eta Wikipedian 31.ean. Beraz, «euskaraz idatzi, nabigatu, komunikatu, jolastu eta lan egiteko aukera dugu».

Bide horretatik jarraitzeko gomendio batzuk ematen dituzte: euskarazko Wikipedia sustatzea, eduki propioak sortzea, Copyleft politikaren bidez lizentzia libreak bultzatzea, IKTen inguruko datuak lortzea, ikus-entzunezko zein bideo-jokoen alorrean eragitea, sarean euskara sustatzen ari diren ekimenak identifikatzea eta bultzatzea, edota publikoa den edukia sareratzea.