GARA
BAIONA

Europak 71 milioi emango ditu 2014-202o epeko Poctefa-ko lehen proiektuentzat

Garapen iraunkorra ikur hartuta, alor ekonomiko eta sozialean mugaz gaindiko elkarlana sustatzeko 2014-2020 epealdiko lehen deialdian Poctefa funtsak jasoko dituzten proiektuak finkatu dira berriki, Jacan.

Oraingo saio honetan, orotara, 58 egitasmo 71.200.00 eurorekin finantzatzea erabaki dute. Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserrek «urteetan lankidetza sustatzeko egindako ahaleginaren fruitua» direla nabarmendu zuen, atzo, Baionan egindako agerraldian.

Ederbidea

Euskal Herriari dagozkienen artean, Ederbidea proiektuak jasoko du kopuru handiena. Hain zuzen ere, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko bidegorri sarea osatzeko 6.111.499 euro izango ditu.

Txinbadia+ izeneko proiektuak ere laguntza garrantzitsua jasoko du (2.434.029 euro) Europako Feder kutxatik, itsasbazterra balioztatzeko.

Donejakue bideko landa eremuan urritasunen bat duten pertsonek ere ondarera eta kulturara irispidea izan dezaten sare bat sortzeko, Jacob@acces izeneko egitasmoak 1.286.659 euro izango ditu. Joan den asteazkenean Izuran aurkeztu zuten proiektuak pertsona horiek jasaten dituzten desberdinkeriak apaltzeko azpiegiturak sortzea du helburu, besteak beste.