Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Mauleko hiltegia berriro irekitzea baimendu dute

Animaliak elikagai bezala ez erabiltzeko lanean diharduen LH214 elkarteak martxoaren 29an zabaldu zuen bideoak sortutako eskandaluaren ondotik, Mauleko abere-hiltegia itxita dago, Pirinio Atlantikoetako prefeturak hala aginduta. Izan ere, bertan ikusten ziren irudiek agerian utzi zuten animaliak hiltzean krudelkeria erabiltzen zutela, eta ixteko aginduarekin batera ikerketa ere abiatu zen.

Orain, funtzionamendu eta langileentzako arauak doituta, baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu dute. Hala, prefetak jarduera berriro baimendu eta, astelehenetik goiti, Zuberoako eta Nafarroa Behereko abeltzainei zerbitzua ematen dien hiltegia lanean hasiko da.

Abeltzainak zain

Hain zuzen ere, arauak eta funtzionatzeko erak behar bezala zuzentzea eta lehenbailehen zerbitzua berrabiatzea eskatzen zuten abeltzainek eta sektoreko beste eragileek.

Astelehenean, eskatutako neurri guztiak ezarri direla egiaztatzeko, Herritarren Babeserako departamendu mailako zuzendaritzako (DDPP) kide bat bertan izango da.

Hiltegiaren gaineko ikerketan diputatu batzorde batek, tartean Sylviane Alaux euskal diputatuak, parte hartu du.