Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA LEHIA

Euskal selekzioak emaitza ikusgarriak erdietsi ditu

Amaitu berri den Espainiako Eskalada Kopan bost euskal ordezkarik urrea lortu dute: Zuriñe Arruek, Bittor Espartak, Mikel Linazisorok, Muriel Ruiz de Larramendik eta Andoni Espartak. Eneko Carreterok, berriz, zilarra eraman du, eta Iñaki Arantzamendik, brontzea.

«Mundiala izan da; azken urteotako lan eskergak emaitzak eman ditu». Nahiz eta gure hitzak ez izan, lasai asko hartuko genituzke guretzat. Joxean Mulasenak dira; hots, Euskal Mendizale Federazioak sortutako euskal selekzioaren hautatzailearenak. Hitz horiekin laburbiltzen du amaitu berri den Espainiako Eskalada Kopan euskal ordezkariek lortutako emaitzen bidea.

Emaitza izugarri onak; izan ere, Fedme-ren erregulartasun zirkuitua zortzi mailatan banatzen da eta euskal selekzioak jokatzen diren zortzi urreetatik bost sinatu ditu. Horien protagonistak hauek izan dira: Zuriñe Arrue (senior), Bittor Esparta (20 urtez azpikoa), Muriel Ruiz de Larramendi eta Mikel Linazisoro (18 urtez azpikoak) eta Andoni Esparta (16 urtez azpikoa).

Zortzitik, beraz, bost urre, baina beste bi eskalatzailek ere behin betiko podiumean muturra sartu dute: Eneko Carreterok (16 urtez azpikoa) zilarra lortu zuen, eta Iñaki Arantzamenik (senior), brontzea.

Hori guztia irakurrita ezer gutxi dugu esateko. Soilik azpimarra genezake horrelako emaitzak ez direla inoiz lortu. Gauza bera gogorarazi digu Mulasek: «Garai bikainak izan dira, baina batez ere seniorretan. Gogoan dut Rikar Otegi eta enparauak lehiatzen zirenean zortzi finalistetatik lau euskal ordezkariak zirela. Baina jubeniletan ez genituen hain emaitza zoragarriak erdiesten. Berriki lortu ditugun emaitzekin pozarren nago: ez dugu arantzarik, ez dugu akatsik egin... Den-dena ondo egin eta atera da. Uste dut garai kontuak direla. Azken urteotan ere lan handia egin dugu. Onartu behar dut nire agindupean dauden guztiek maila handia dutela. Ez dakit gazte hauen gurasoak eskalatzaileak direlako edo, baina oso zentratuta daude. Nik ondo pasa dezatela aholkatzen diet; eta uste dut lortu dudala. Egun, ez dute esaten ‘lehiatzea kaka bat da’. Nik ahal dudan guztia laguntzen diet, eta lehiatzen ondo pasatzen badute, nik ere bai. Eta, jakina, gure fisioterapeuta Andoni Ormazabalek ere».

Oro har, balorazio hori egin du Mulasek Espainiako Eskalada Kopan euskal selekzioak poltsikora eraman dituen emaitzen gainean. Hiru hitzordu izan ditu, eta azkena, hilaren 14 eta 15ean Bartzelonan jokatu zen.

Euskal selekzioarentzat lehen “ezusteko” ederra seniorren lehian iritsi zen. Aurreko proban bezala, Ruiz de Larramendi jubenilak maila horretan parte hartu zuen; baina Bartzelonakoan irabazi egin zuen. Ahoa bete hortz utzi zituen denak; bikain eskalatu zuen. Haren atzetik Arrue eta zazpigarren postuan Miriam Mulas sailkatu ziren. Mutiletan, berriz, Arantzamendi hirugarren postura igo zen, eta Bittor Esparta seigarrenera.

Esan dugun bezala, Arruerentzat izan da Espainiako Kopa, Ruiz de Larramendi (proba batean ez zuen parte hartu) laugarrena eta Mulas zazpigarrena izan dira. Arantzamendik, berriz, brontzea eskuratu du. Ibai Isusik seigarren postua lortu du eta Espartak, zortzigarrena.

Jubenilak zoragarri

16 urtez azpikoen mailan, Carreterok nagusitasun osoz irabazi zuen; zumaiarra azken hitzordu horretan finaleko bide bat kateatu zuen lehiakide bakarra izan zen. Andoni Espartak laugarren postuan amaitu zuen. Esparta sailkapen nagusian gailendu da, Carreterok zilarra lortu du eta Aitziber Urrutiak, bederatzigarren postua.

18 urtez azpikoen mailak bi izen soilik izan ditu: Ruiz de Larramendi eta Linazisoro. Biek ala biek hiru probak irabazi dituzte. Zazpigarren postuan Martin Urrutia eta Maialen Lezeaga (nafar federazioa) sailkatu ziren. Urreak, beraz, Ruiz de Larramendi eta Linazisororentzat. Beste postu batzuk: Urrutia seigarrena, eta Aitor Cilveti zein Lezeaga hamargarrenak.

20 urtez azpikoetan, Bittor Esparta irabazle gertatu zen Bartzelonan eta Iker Cilvetik seigarren postua sinatu zuen. Gorka Ruiz min hartuta zegoen eta ezin izan zuen azken proba horretan parte hartu. Sailkapen nagusia Espartarentzat izan da; Ruiz bosgarrena eta Cilveti bederatzigarrena.

Horiexek dira euskal ordezkariek amaitu berri den Espainiako Kopan poltsikoratu dituzten emaitzak. Berriro diogu, bikainak baino bikainagoak.

Mulasi esan diogu garaipen batzuk espero zirela, baina, era berean, ezustekoak ere izan direla. Euskal selekzioko hautatzailea ere iritzi berekoa da: «Andoni eta Bittor Esparta anaiena, Murielena, Mikelena, Zuriñena... Horiek guztiak gidoiaren barruan zeuden. Honekin esan nahi dut aukera handiak zituztela urrea lortzeko. Bestalde, Murielek seniorretan egin duena azpimarratzekoa da. Bi probatan izan da: Zaragozakoan laugarren bukatu zuen eta Bartzelonan irabazle. Bada, bi hitzordu horien artean aldaketa izan du. Orain askoz ere dinamikoago eskalatzen du. Oso sasoiko dago, baina gaztea da eta oraindik ikasteko asko dauka. Arantzamendik ere oso indartsu jardun du. Eta Carreterona ere azpimarratu nahiko nuke. Lan ederra egin du, eta inoiz baino hobeto entrenatu da. Haren ama Esther Cruzek asko lagundu dio. Asko zentratu da. Pena handia hartu du Gorkarekin; azken proba honetan parte hartu izan balu, ziur aski podiuma egingo zukeen».

Amaitzeko, Mulasek gogoratu nahi izan du lanean jarraitu behar dela emaitza bikain horiek sendotzeko: «Hau ez da bukatu, eta gauzak ondo egin behar ditugu. 16 zein 20 urtez azpikoetan, nesketan, hutsune bat dugu, eta hori denon artean betetzen saiatu behar dugu. Ea lortzen dugun».