GARA
BILBO

Hizkuntza gutxituen sare europarra protestan, ETB ezin ikusteagatik

Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarreko (NPLD) presidenteak jakinarazi du gutuna bidali diola Estrasburgora Hizkuntza Eskubideen Europako Kartaren adituen batzordeari, ETB berriro ere Nafarroan ikusi ahal izatea bultza dezan.

NPLD sarearen urteko Batzar Nagusian, Bilbon, Baztarrika prentsaurrekoan agertu zen bileraren nondik norakoak azaltzeko, sareko kide diren zenbait gobernu eta erakundeetako ordezkariekin, tartean Meirion Prys Jones NPLDko sortzaile eta zuzendari eragilea, Peggy Heikkinen NPLDko presidenteordeetako bat, Ruben Trenzano Valentziako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua eta Mikel Arregi Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari gerentea.

ETBk Nafarroan emititzeari uzteko espainiar Gobernuak egindako eskaera Hizkuntza Eskubideen Europako Kartaren «letra eta espirituaren kontra» doala ziurtatu zuen Baztarrikak, eta gogorarazi zuen Eurokartaren adituen batzordeak hiru urtero egiten duen ebaluazio txostenean «behin eta berriz» agertu duen gomendioa izan dela «ETB euskararen lurralde guztietan, eta beraz, Nafarroan ere ikusteko erraztasun guztiak sortzea».

Hori horrela izanik, jakinarazi zuen Eurokartaren adituen batzordeari Estrasburgora gutuna bidali diola NPLDren izenean, Nafarroan ETBren emisioekin gertatua jakinarazteko, eta eskatzeko, «egokien ikusten duen moduan, berak ere bultza dezala egoera hau gainditzeko».