Imanol CARRILLO
HOCKEYA

Liga etxera ekarri nahian abiatu da Reala Madrilera

Talde zuri-urdinak SPV Complutense izango du aurkari gaurko finalaurrekoan.

Realak laugarren postuan amaitu zuen Belar Hockey Ligako fase erregularra. Azken urteetan eman duten mailari eutsi nahi zioten aurten zuri-urdinek eta, «urte eta lan gogorrari aurre egin eta gero», donostiarrek Ligako Final Fourra jokatuko dute gaurtik igandera bitartean.

Maiatzaren 7an eta 8an jokatutako final-laurdenetan Club Egararen aurrean nagusi agertu zen Reala. Donostian jokatutako bi partidetan gailendu ziren zuri-urdinak (2-0 lehenengoan eta 5-2 bigarrenean). Bi garaipen horiek Final Fourra jokatzeko eskubidea eman zioten Realari.

Duela bi urte txapeldunorde izan ziren gipuzkoarrak, eta aurten, Liga irabazi edo behintzat finala jokatu nahi badute, SPV Complutense taldeari irabazi beharko diote lehenengo finalerdietan (rfeh.es, hcv.es, marca.com, grada1tv eta LaLiga4Sports kanaletan ikusi ahal izango da 17.00etatik aurrera). Irabaziz gero, igandean, ordu berean, finala jokatuko lukete donostiarrek Club de Campo anfitrioiaren eta Juniorren arteko partidan gailentzen denaren aurka. Bi talde hauek ere gaur jokatuko dute, 19.00etan.

Talde zuri-urdina Madrilera abiatu baino lehen, Patricia Maraña eta Maialen Garcia jokalariek adierazpenak egin zituzten Realaren webgunean. Denboraldi «gogorra» jasan dutela aitortu zuten biek, eta horregatik Final Fourra «jokatzeko irrikan» eta denboraldia «sentsazio onekin» amaitzeko gogotsu daude.

«Partida itxia»

Puntu honetara iritsita, badakite ez dutela aurkari erraza izango. Izan ere, SPV Complutensek lider amaitu du fase erregularra –15 garaipen, berdinketa bakarra eta bi porrotekin besterik ez–. «Ziur asko, oso partida itxia izango da. Emaitza on bat atera nahi badugu, oso adi egon beharko dugu beraien jokalari garrantzitsuenekin. Gure aukeretan sinistu eta barruan dugun guztia eman behar dugu», adierazi zuen Patricia Marañak.

Bere taldekide Maialen Garciak azpimarratu zuenez, «talde fisikoa eta bertikala da, baina ilusioa eta gogoa dugu partida jokatzeko».