GARA
DONOSTIA

Presoen aldeko abenduko ekintzagatik zigorrak jasotzen hasi dira gazteak

Kateak apurtzeko euren buruak kateatu zituzten 400 bat gaztek iragan abenduan, euskal presoen aldeko ekimen ikusgarrian. Orain, zigorra datorkie; isunak jasotzen hasi dira, eta gazteetako bat epaitua izan da. Hala ere, helburuak merezi duela nabarmendu zuten atzo.

Iragan abenduaren 30ean, Ernairen ekimenez, 400 bat gaztek euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazio deigarria egin zuten Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean; euren buruak kateatu zituzten, jendearen eta hedabideen arreta erakarriz. Elkartasun ekintza hori, ordea, ondorioak izaten hasi da, eta atzoko agerraldian azaldu zutenez, dagoeneko isunak jasotzen hasi dira, eta gazteetako batek epaiketa bati ere aurre egin behar izan dio.

«Bagenekien ekimen desobediente hori ez zitzaigula merke aterako», adierazi zuten baina, hala ere, ekimenaren helburuak merezi zuela, merezi duela, azpimarratu zuten. «Kolpeak kolpe, erasoak eraso, gaur gure konpromisoa berresten dugu», aipatu zuten gazteek, eta dei egin zioten euskal herritar orori, «gatazka politikoaren konponbidean beren aletxoa jartzera».

Borroka eraginkorra

Ernairen iritzian, «Euskal Herrian bizi dugun garai honetan, preso eta iheslarien aldeko borrokak ahalik eta eraginkorrena behar du izan», eta «amnistiaren norabidean, barrutik eta kanpotik ekin behar dugu, azken euskal preso eta iheslari politikoa etxean izan arte». Bide horretan, gazte mugimenduak argi du «euskal preso eta iheslarien kolektiboek daukatela azken hitza, eta guri dagokigula beraien hitza defendatu eta kaleratzea». Bukatu aurretik, Fresnesen gose greban dauden presoak gogoan izan zituzten.