GARA
DAKAR

Afrikako auzitegi batek lehen aldiz presidente ohi bat zigortu du

Hissene Habre Txadeko presidente ohiari biziarteko kartzela zigorra ezarri dio afrikar auzitegi batek Dakar Senegalgo hiriburuan. Lehen aldiz, agintari ohi bat atzerriko auzitegi batean epaitu dute, giza eskubideak bortxatzeagatik. Gainera, argi geratu da posible dela Afrikan egindako krimenengatik agintari bat Afrikan bertan epaitu eta zigortzea.

Hissene Habre Txadeko presidente izan zen 1982tik 1990era. Orduan Idriss Deby Itno Habreren laguntzaile izandako jeneral batek kendu zuen agintetik eta berak Senegalera egin zuen ihes.

73 urteko Habrek hiru urte egin ditu giltzapean Senegalen. Habreri 40.000 erailketa eta 200.000 pertsona torturatu izana egotzi diote. «Afrikako Pinochet» deitu izan diote nazioarteko hedabideek.

Afrikako Batasunak propio sortutako auzitegi berezi batek epaitu du Txadeko diktadore ohia: Afrikako Ezohiko Ganberak. Senegaleko agintariek beren oniritzia eman zuten (Dakarreko agintariek legedia aldatu egin behar izan zuten Senegaletik kanpo egindako krimenengatik atzerritar bat epaitu ahal izateko) eta epaile guztiak Afrikakoak bertakoak izan dira. 2015eko uztailean hasi zen epaiketaren lehen zatia. Atzo ezagutarazi zuten epaia: biziarteko kartzela zigorra.

Gberdao Gustave Kam Burkina Fasoko epaileak zuzendu du prozesua eta atzo berak irakurri zuen epaia.

Gizateriaren aurkako krimenak, esklabotza behartu izana, bortxaketak, erailketak, epaiketarik gabeko exekuzioak, bahiketak eta torturak egin izana frogatutzat eman dute Dakarreko epaileek. Ez, ordea, gerra krimenak egin izana.

Bortxaketei dagokienez, epaileak erabat konbentzitu ditu Khadija Hassan Zidaneren lekukotasunak. Emakume horrek deklaratu zuen Habrek hiru aldiz bortxatu zuela.

Betaurreko ilunak eta turbante eta tunika zuriak jantzita joan zen agintari ohia epaia entzutera. Bere jarraitzaileak ikustean besoak jaso eta «France-Afrique behera» oihukatu zuen, Estatu frantsesaren eta bere kolonia ohien arteko harremanak gogora ekartzen dituen espresioa erabilita.

Tankerako epaiketa gehiago ikusi nahi ditu Reed Brody Human Rights Watch giza eskubideen elkarteko adituak. Txadeko biktimen garaipena izan da, bere ustez, krimenak egin zituenetik 26 urte baino gehiago pasatu badira ere: «Ezohiko aurrekaria da, Afrikan egindako krimenengatik agintari bat Afrikako bertako auzitegiek epaitu dezaketela garbi utzi duelako».

Mbacke Fall fiskal bereziak biziarteko kartzela zigorra eskatu zuen Habrerentzat, bera izan zelako DDS polizia politikoaren burua. Massa Moise hiru urtez egon zen DDSkoen eskuetan eta berak dio heriotza zigorra egokiagoa zela diktadorearentzat.