A.U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
ELI IBARRA
ATHLETICEKO JOKALARIA

«Ez dut gogoratzen Liga errazik, baina gero eta zailagoa da irabaztea»

Etxekoak baino hobeto ezagutzen ditu Lezamako bazter guztiak, bertan bizitza erdia eman ondoren. Une goxo eta latzak bizi izan ditu, eta denetan protagonista izan da. Athleticen historia ezin zitekeelako Eli Ibarra barik azaldu, Eli Ibarrari berari bizitza Athletic barik azaltzea kostatzen zaion bezala. «Nola? Hain gauza ‘politxak’ bizi izan ditut», aitortu digu.

Emozioen mendean dauden egun hauetan ere, Eli Ibarraz hitz egiteak zenbakien inperioan murgiltzen gaitu. Zenbaki handiak, aspaldi ohitu baita markak hausten Athleticen sorreraren lekuko zuzena izandako jokalaria. Inork ez du berak baino trofeo gehiago ospatu, ez txapelketa gehiago lehiatu, ez partida gehiago jokatu. Une goxo guztien protagonista, latzenen markak ere azalean edukitzeak poztasunak disfrutatzen laguntzen dio.

Eta oraingoak merezi du.

Dudarik ez. Denbora asko eman dugulako, eta ahalegin asko, honen zain; baita frustrazio dexente bizi izan ditugulako ere. Eta, bestetik, oso garaipen zaila izan delako, kanpotik dirudiena baino gehiago.

Egia da zuen titulu zailena dirudiela. Baina oroimena tranposoa omen da eta, datuak aztertuz, aurretik ere halako estutasunekin ibili zarete.

Bai, horrela da. Denbora pasatzen denean, gogorapen onekin geratzen zara, ospakizunekin, errekorrekin... Baina ez dago garaipen errazik. Gure lehen denboraldian Levanterekin berdinduta amaitu eta golaverageak eman zigun txapelketa.

Hamahiru urte pasatu dira, baina ahaztezina da.

Nola ahaztu? Orduan ere, sufritu sufritu genuen, baina egia esan, urte borobila izan zen. Hain proiektu politak hasieratik halako arrakasta izatea... Ikaragarria izan zen ikuspuntu guztietatik, garaipena, zaleen laguntza, San Mamesen jokatzea, hainbeste jenderen aurrean...

Eta zu, Eli Ibarra, horren guztiaren lekuko zuzena. Izan ere, Athleticen historiaren lehen partidan gola sartu zenuen. Eta hamalau denboraldi beranduago hemen jarraitzen duzu, errekorrak etengabe hausten.

Dinamikan sartuta, ez zara konturatzen. Jokatu egin nahi duzu, disfrutatu, lehiatu, entrenatu... Noizean behin bat edo batek esaten dizu marka bat hautsi duzula edo zu akordatzen zara zeozertaz eta konturatzen zara ez dela atzoko kontua... Pentsatzen hasten bazara... ile zuriak bat-batean agertzen zaizkizu!

Ile zuriak ez dakit, baina gasolinaz ezin zara kexatu.

Ez, hala da. Denboraldiak aurrera doaz, baina ni ondo sentitzen naiz. Dudarik ez, ez naiz Lezaman lehen aldiz jokatu zuen futbolari berbera, baina gaztetasunak soilik eman dezakeenaren ordez, esperientziak soilik eman dezakeena daukat orain. Ondo sentitzen naiz.

Aurten denboraldi zaila izan bada ere.

Lesionatuta egotea baino okerragorik ez dago. Zorionez ez zait sarritan gertatu baina heltzen denean... Oso zaila da inpotentzia hori jasatea.

Ez zara bakarra izan. Lesioen maldizioa areagotu egin da aurten.

Gezurra dirudi, baina hala da. Lana asko konplikatu du, dudarik ez, baina batez ere lesionatuentzat izan da gogorra. Hunkigarria da nola lan egin duten, zer-nolako animo eta indarrak eman dizkieten jokatu dutenei. Egun hauetan entrenatzailea, taldekideok, asko azpimarratzen ari gara ze garrantzi izan duten taldearen arrakastan, eta batek pentsa dezake esaera bat besterik ez dela, baina egia da.

Horrek ere izan du bere alde ona edo: gazteen parte-hartzea.

Harrigarria izan da. Daukaten ilusioa edukitzea normala da, hori gaztetasunarekin dator, baina egin duten lana beste gauza bat da. Parte hartu dute eta protagonista izan dira, ez dira konformatu minutu batzuk jokatzen edo deialdiak osatzen. Eragin zuzena izan dute denboraldiaren arrakastan, partida zailenetan ere aurpegia emanez, erantzuna hartuz... Txalotzekoa da.

Eta azkar heldu behar izan dira. Sekulako presioarekin jokatu duzue denboraldi gehiena.

Ikaragarria, batez ere azkenaldi honetan. Vallecasen 20. jardunaldian galdu genuenean eta Bartzelona puntu bakarrera jarri zenean bagenekien partida guztiak irabaztera behartuta geundela titulua irabazteko. Azken urteotako mamuak agertu ziren, zalantzak... Ildo horretan, entrenatzailearen eta bere taldearen lana sekulakoa izan da maila psikologikoan. Asko lagundu digute burua hotz eta kontzentratuta mantentzen eta emaitza hor dago, bederatzi garaipen jarraian.

Vallecasen galdu zenutenerako, titulua posible zela ikusten zenuten. Baina noiz hasi zineten sinisten? Diskurtsoa urtero berbera izan arren, ez dakit aurreko urteotako atsekabeen ondorioz, animoak gero eta epelagoak izan ez ote diren.

Ez dakit zer esan, bakoitzaren arabera doa. Entrenatzailea, adibidez, oso anbiziosoa azaldu da lehen egunetik. Egia da iaz eta aurten gehiago zentratu garela “partidaz partida” famatu horretan, baina hasieratik hartu genuen helburutzat gutxienez Championserako sailkatzea eta azken unera arte tituluarengatik borrokatzen egotea. Gauzak hasieratik ondo joan ziren, lehen itzulia sekulakoa izan zen eta bai, Bartzelona zazpi puntura ikusi genuenean konbentzitu ginen, gero aldea asko murriztu bazen ere.

Sinistu ala ez, zuen bizitzako denboraldia egiten amaitu duzue. Zailena ez dakit baina onena bai.

Biak, esango nuke. Onena izan dela argi dago, datuek hori diote. Eta zailena ere bai. Ez dut gogoratzen Liga errazik, baina gero eta zailagoa da irabaztea. Alde batetik, maila orokorra igo egin da; eta bestetik gero eta talde gehiago dago, Bartzelona, Atletico edota Valentzia bezala, apustu sendoa egiten, fitxaketa askorekin, urtetik urtera indartzen... Benetan ospatzea merezi du, sekulako meritua izan duelako Liga hau irabazteak.