Kanabera eta sarea uztarrian
Kanpainan berriro. Armairutik lan-jantzi egokia atera behar, eta jantzi. Aurtengo lehen kanpaina, udazkeneko horren atarikoa. Selektibitate modukoa oraingo hau berau, matematika ariketa gora eta behera. Sekuentzia berekoak izanda ere, bada, izan, alderik kanpainen artean. Oraingoa alturakoa da, kanpoko kala-lekuetan erabakitzekoa. Udazkenekoa, ostera, baxurakoa, bertoko kala-lekuen geroa erabakitzekoa, hau behintzat gure esku dagoelako. Eta horra! hasiak dira kalerik kale, azokatik azokara, oholtzarik oholtza, platotik platora boto eskean, kaleko ohiko eskaleen axola sortu gabe.
Karaokea nagusi, kanpainaren festan. Ezpainak egoki mugitzen jakin, grabatutako ohiko mezuei egokitzeko. Hautagaien eskuetaraino goitik heltzen diren hariak berak ere ikusgai batzuetan; atrezzo kontua. Robotak ere hortxe, hautagai, Industria 4.0ren ekarpena politikaren kalara. Tira! Tripa-festetako betekadetan piper-zaporea behin eta berriz ahora etorri bezala, antzera datorkit belarrietara mezu lataratuen oihartzuna… belarriak aspertu arte; eta sudurrak! Botoa helburu, berdin da tamaina zein den, azken eguneko portura heltzean kiloan ahalik eta gehien sartzea baita lortu beharrekoa, aldez edo moldez. Arrantza mota honetan ez dago deskarterik.
Kanpainen eta kanpainen artekoaren sekuentzia gogoan, Kantauri-Ebroko kala-lekuen ganorazko bizimodu alaia helbide, hango eta hemengo itsas zabal guztien osasuna helburu. Inongo itsasoa ez dadin lurtarren hilerri izan.
Hortaz, Gabonetako arantza kendu nahian gabiltzanok, harri koskorrak zapatatik behingoz atera eta Gora Zapata! oihupean bilduak bueltan gara, kalara, gabarraz. Arrantza modu jasangarrian berrikasiak, kanabera eta sarea batera uztartzeko grinaz. Lan-jantzia berriro ere armairuan sartu gabe. Sekuentzia…

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
