Ariane KAMIO
DONOSTIA

Norabidez aldatuta, barrutik kanporako aldarri da Esne Beltza

«Esna» disko bikoitzaren bigarren zatia aurkeztu du Esne Beltzak, lehen aldiz kanpoko bi ekoizlerekin ondutako lana. Betiko reggae, hip hop eta musika beltza oinarri izaten jarraitzen du taldeak, baina berrikuntzak ere erantsi dizkie, gehienbat soinuari dagokionez.

Seigarren estudioko lana du bederatzi urteko ibilbidean Esne Beltza taldeak. “Esna” 2015eko azaroan aurkeztu zuten prentsaren aurrean eta Durangoko Azokara eraman zuten salmentan. Proiektu bikoitz baten lehenengo zatia baino ez zen hura. Barrura begiratzeko ariketa bat. Bertsiorik intimoenean, gogoetari tartea zabalduta aritu zen proiektuaren lehen erdi hartan Esne Beltza, eta orain, norabidearen zentzua aldatuta aurkeztu du egitasmoak faltan zuen bigarren puska. Aldarrikapenari gehiago eusten dio “Esna 2”-k, borroken mezu ozen izaten jarraitzen baitu. Horien adibide da diskoaren lehenengo kantua, “Hil zuten”, Iñigo Cabacasen heriotza salatzera bidean ondutako abestia. Euskal presoen egoera salatu eta dispertsioaren aurka ageri da baita ere “Mugitu Harriak”, edo euskararen eta ikastolen aldeko hautu nabarmenaz ari da “Jalgi”, Herri Urrats jaialdirako sortutako kantua.

“Esna” diskoaren lehen zatian kolaborazio zerrenda osatu bazuten –El Canijo de Jerez, Green Valley, Zoo, La Pegatina edo Rude–, oraingoan ez da gutxiagorako izan. Ms Maiko & DJ Tillo, Fanfare Ciocarlia, Bad Sound System eta Glaukoma taldeetako abeslariak eta Oreka TX izan dituzte bigarren zati honetan bidelagun.

Berrikuntzak

Musikalki betiko bideari jarraitu dio Esne Beltzak, formula koloretsuak, kultur aniztasuna eta musika estilo askotarikoen nahasketan murgildu da berriz ere. Musika beltza oinarri-oinarrian jarrita, reggaetik hip hoperaino doan bidea urratzen jarraitzen du Xabi Solano buru duen taldeak. Baina ez da ohiko nahasmenean geratu, eta berrikuntzak bilatzen ahalegindu da, baita lortu ere. Esaterako, bere ibilbidean lehen aldiz taldekoak ez diren bi musika ekoizlerekin elkarlanean landu du “Esna 2”. Batetik, Laurent Dupuy frantziar ingeniari eta ekoizlearekin –2015ean Angélique Kidjorekin bi Grammy irabazitakoa–, eta bestetik, Jeremie Garat sohütar biolontxelista eta sortzailearekin. Emaitzan, Solanok berak aitortuta, soinuan aldaketa nabarmena antzeman daiteke diskoa entzuterakoan.

Estiloei ere eutsi egin die taldeak, baina bide nagusia begien bistatik kendu gabe, bidezidorretan sartzera ere ausartu da taldea. “Zaunkaka” kasua dago argienen artean. Hip hop zuzena da, kasik estilo nahasketarik gabea, Bad Sound Systemeko eta Glaukomako kantariek interpretatzen dutena.

Hitzei dagokienez, gehientsuenak Jon Garmendia Txuria ohiko kolaboratzaileak idatziak dira eta testuek adiskidantza, askatasuna, itxaropena dute ardatz.

Pasa den azaroan digipack bikoitza aurkeztu zuten eta bigarren disko honek formatu hura osatuko du. Aurreko lana eskuratu ez zuenak ere bere horretan eros dezake bigarren disko hau, formatu sinplean argitaratutakoa.