Ariane KAMIO
DONOSTIA

Xabier Lete, antologiarantz

Xabier Leteren artxiboa eta liburutegia Gipuzkoako Aldundiaren esku geratu dira. 3.000 disko eta liburu baino gehiago, 80 karpeta, 23 koaderno, 500 kartel eta foileto eta 400 gutunek osatzen dute funtsa; tartean Lourdes Iriondoren beraren ondarea dago. Azterketa literarioetarako eta argitalpen berrietarako bidea zabaltzen du altxor honek.

Xabier Leteren (Oiartzun, 1944 - Donostia, 2010) tamainako idazle eta musikari baten artxibo eta liburutegi osoa aztertu ahal izatea ez da ohiko ariketa; ohikotasunetik ere gutxi baitu hain zuzen sortzaile baten obra osoa bilduta izateak. Gabriel Arestiren kasua izan daiteke bat, bidean «galdutako» sorkuntzak utzi baitzituen idazle bilbotarrak desagertu aurretik. Leteren kasuan, baina, ikertzaileek izango dute non ikertu eta zer begiratu. Hain zuzen ere, bere sormenaren bidean, aurretestuetaraino bidea eskaintzen baitute orain Gipuzkoako Aldundiaren esku geratu diren artxibo eta liburutegiak.

Duela hilabete ingurutik dauka erakunde foralak Leteren eta Lourdes Iriondoren funtsa. Kultur diputatu Denis Itxasok berak aipatu zuenez, partikular batek Ogasunarekin zuen zor bat kitatzeko eman du materiala, 102.000 euroan baloratua. Pertsona horren zorra txikiagoa izan arren, dirurik ez duela jaso nahi izan ohartarazi zuen.

Xabier Letek eta Lourdes Iriondok utzitako ondarea zabala da zinez. 3.000 disko eta liburu baino gehiago, 80 karpeta, 23 koaderno, 500 kartel eta foileto inguru eta 400 gutun. Liburuen artean fikziozkoak nagusi direla agertu zuen Lourdes Otaegi EHUko irakasle eta hizkuntzalariak, ingelesezko literaturaz, espainolaz, katalanaz eta euskaldunaz osatutako bilduma. Diskoetako asko musika klasikokoak dira, beste batzuk kantari frantsesenak dira; Euskal Herriko jai ugarietako kartelak gorde zituen bikoteak etxean eta Letek berak karta bidez izandako elkarrizketak ere bildu dira; tartean Jorge Oteizarekin eta Gabriel Arestirekin izandako gutun trukea.

Eskuizkribuen aurretestuak

Funts honen baliorik handiena, baina, Leteren eta Iriondoren eskuizkribuetan dago. Musikari eta idazle oiartzuarrak letra oso argiz eta era zinez ordenatuan gorde baitzituen bere sorkuntza guztiak, denak eskuz idatzitakoak. Kaier horietan dago, hain zuzen, Leteren sorkuntzara gehien gerturatzen den altxorra. Argitaratu gabeko poemak, kantuen zirriborroak, pentsamenduak eta ipuinak aurki daitezke orrialde horien artean. Material horrek bi motatako ikerketa ahalbidetzen duela ohartarazi zuen Otaegik. Testuen gaineko lan konparatiboak egin daitezke, batetik, eta baita kritika genetikoaren arlokoak ere, bestetik, eskuizkribuetan geratutako moldeak aztertzeko aukera ematen baitu.

Aurretestuetatik abiatuta lor daiteke hain zuzen Leteren barne munduraino bidaiatzea. Ideia idatzien borratze, aurreratze, alboko aipamen horiek baitira «bere sormenaren magiaren lekuko egiten gaituztenak».

Historia, bertsolaritza edo filosofia, «filosofia interesatzen baitzitzaion, mundua ulertu nahi zuelako. Fedea eta zientzia uztartu nahi izan zituela, kezka etengabea zen bere poemetan», argudiatu zuen bere aldetik Anjel Lertxundik Leteren liburutegiaz hitz egiterakoan. «Garaian garaiko kezken arabera berak erositako liburuak dira, gehiengoaren gustuetatik urruntzen direnak. Idazleen liburutegiak beraien ibilbide intelektualaren kartografia bat dira», esan zuen.

Katalogatze lana ohi baino sakonagoa izango da eta horretarako Leteren lan poetikoari buruzko tesia prestatzen ari den Alex Gurrutxagaren esku utzi dute eskuizkribuen edukien deskribapena egiteko ardura. Funts horretako ikerketak sustatu eta bideratzeko, Gipuzkoako Aldundiak bi urtean behingo beka bat ezarriko du, betiere unibertsitateen babes akademikoaren pean, XX. mendeko euskal idazleen edizio kritikoa garatzeko.

Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren obraren ikerketa lehen pauso bat izan daiteke Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian lan lerro bat finkatzeko eta beste idazleen lanak behar bezala ikertzeko, sailkatzeko, babesteko eta zabaltzeko. Leteren obraren antologia osatzea izango da hemendik aurrera azken helburua.