Ariane KAMIO
DONOSTIA

Henry Grayk jasoko du Hondarribia Blues jaialdiko ohorezko saria

Hondarribia Blues Festival jaialdiak hamaikagarren hitzordua izango du publikoarekin uztailaren 14tik 17ra. Orotara hogeita bat kontzertu herriko leku desberdinetan, guztiak doan. Gonbidatu nagusi izango du aurten Henry Gray piano jotzaile eta blueseko azken izar bizietako bat, berak jasoko baitu ohorezko saria.

Hondarribiko Blues Festival jaialdia uztailaren 14tik 17ra egingo da aurten, hamaikagarrenez. Hasieratik mantendutako filosofia berberari eutsi dio, gainera, hitzorduak; bluesa da, bere horretan, jaialdiaren eskaintza bakarra. «Ez dugu beste generoetara jotzeko beharrik izan publikoarengana gerturatzeko», aipatu zuen atzo Carlos Malles zuzendariak. Bluesaldiak, beraz, nazioartean sona handiko izarrak eta bertako blues taldeak batzeko ahalmena erakutsiko du aurten ere. Kontzertu guztiak dohainik izango dira eta jada klasiko bihurtu diren ekimenak ere gehitu dira egitarauan, kontzertu pedagogikoa eta herri bazkariak, kasurako.

Henry Gray

«Pribilegiatuak sentitzen gara», esan zuen Mallesek, Henry Grayk jasoko duen ohorezko sariaren harira. «Agertokia beste izar handiekin partekatu izan du, Muddy Watters edo Howlin’ Wolfekin, baita Rolling Stonesekin ere», azaldu zuen. 91 urterekin bizirik dirauten bluesaren azken izarretako bat da eta oraindik nazioarte mailako zuzenekoak eskaintzen jarraitzen du. Bluesaldian Junior Watson gitarra jotzailearekin, Fred Kaplanekin (teklatua) eta Bob Corritorerekin (aho soinua) batera arituko da zuzenean. Ohorezko saria, brodatutako txapela, uztailaren 16an emango diote, Bentako agertoki nagusian. Kontzertua gaueko 22.30ean abiatuko da.

Izango da nolanahi ere gonbidatu gehiago. Aurtengo Bluesaldian European Blues Challengeko irabazleak arituko dira, Eric Slime eta bere taldea, baita Hondarribitik dagoeneko igaro diren beste aurpegi ezagunak ere, Shemekia Copeland, esate baterako, 2013. urtean etorritakoa, edo Bob Corritore aho soinuaren maisua.

Estatuko taldeei dagokienez, Red House madrildarrak, Big Mama Montse eta Tofol Martinez izango dira gonbidatuen artean. Euskal taldeen zerrendan, Serious Business, Zumaian sortutako proiektu musikala. Kontzertu pedagogikoa Travellin’ Brothers-ek emango du.