GARA
IRUÑEA

«Ni, zuhaitza», izaki biziek egokitu eta bizirauteko duten gaitasunaren adierazle

Iñaki Larrea argazkilariak izaki biziek egoera berrietara egokitu, borrokatu eta bizirauteko duten gaitasuna adierazi nahi izan du «Ni, zuhaitza» erakusketaren bidez. Iruñeko Zitadelan dago ikusgai.

“Ni, zuhaitza” izenburua eman dio Iñaki Larrea argazkilariak abuztuaren 21a arte Iruñeko Zitadelako Labean ikusgai jarri duen erakusketari. Zuri-beltzeko eta 50x70 neurria duten hamabi obrak osatzen dute erakusketa, eta horien bidez izaki bizidun orok egoera berrietara egokitu, borroka egin eta bizirauteko duen gaitasunaren gainean mintzatu nahi izan du argazkilariak.

Erakusketaren aurkezpenean autoreak eta Iruñeko Udaleko Kultura zuzendari Maitena Muruzabalek hartu zuten parte eta, azaldu zutenez, Larreak «inguratzen gaituen natura» irudikatu nahi izan du, «kapsulatutako natura, garai batean oparotasun begetala izan zenaren aztarna txikiak» agerrarazten dituena. Hala, gizakiaren esku-hartzearen aurrean naturak eta bizitzak berak aurrera egiteko duten irmotasuna irudikatu nahi izan du argazkien bidez.

Era berean, erakusketan ikus daitezkeen zuhaitz bakartiak natura-argazkilaritzan ohiko errekurtsoa direla ekarri zuten gogora, eta zuhaitz horiek izan direla hain zuzen ere autoreak inspirazio iturri gisa baliatu dituenak, «gizakiaren edo naturaren beraren eraginez bakartutako elementuek duten indarragatik, honek, bakardadea transmititzeaz gainera, borroka, biziraupena eta egokitzapena ere islatzen dituelako», nabarmendu zuen.

Forma eta definizioa

Larreak zuri-beltzaren aldeko erabakia hartu izanaren arrazoia ere azaldu zuten. Hautu honen bidez, zuhaitzen forma zehaztapen osoz islatu eta estilizatzea lortzen du autoreak, baita elementu horiek inguratzen dituen paisaiaren «esentzia» islatzea ere.

Autoreak bere burua autodidakta dela esanez definitzen du, baita ere behatzaile eta Interneteko jarraitzaile dela esanda. Aurkezpenean azaldu zuenaren arabera, argazkilaritzarako interesa beste autore eta argazkilari batzuen lanak ikusteaz batera etorri zitzaion, eta natura-argazkilaritzaren aldeko hautua egin zuen naturaren edertasuna behatzeak eta argazki kameraz jasotzeak sortzen dion sentipenagatik. Larreak zenbait argazkilaritza lehiaketatan parte hartu izan du eta sari batzuk ere eskuratuak ditu.

Erakusketa, esan bezala, Iruñeko Zitadelako Labean egongo da ikusgai abuztuaren 21era arte. “Ni, zuhaitza” ikusteko ordutegia asteartetik ostiralera bitartean, 18.30etik 21.00etara izango da. Larunbatetan, arratsaldeko ordutegiaz gainera goizean ere ikusi ahalko da erakusketa, 12.00etatik 14.00etara, eta igandeetan, aldiz, goizeko ordutegian soilik bisitatu ahalko da.

Halere, Zitadelatik ohartarazi dutenez, sanferminetan, eta baita data horiek baino egun batzuk lehenago eta beranduago ere, erakusketa ezin izango da bisitatu Zitadela bera itxita egongo delako, jaietarako su-artifizialen prestakuntza lanak direla-eta.