Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Transzendentziak

Xehetasun ñimiñoenak izugarrizko eraginetara eraman dezake. Hots, gauzarik txikienak, une gehientsuenetan garrantzirik gabekoak, transzendental bilakatzea. Xehetasunetan doakigu bizitza. Gertakizuna pasatu ondoren du xehetasunak berebiziko munta, putzua edo loria. Lorearen transzendentzia eguzkiaren distiraren azpian. Pertsonen sentimenduek izan ditzakete pentsamendu ilogikoak, zentzugabeko gatazkak sortuz, maitatu laguna baina gorrotatu egin ohi dituen gauzak. Maitatu daiteke Prince artistaren musika baina nik ez haren izen monarkikoa. Inork izan dezake gustukoa Real Sociedad taldea baina gorrotatu bi hitz horien esanahia. Ilogikoaren barruan koka daiteke baina jakinda jarrera non dagoen.

Kontzientziak egiten du jarrera. Kontzientzia propioa kontzientzia kolektibo bilakatzea da ideia eta jarrerak barreiatzeko modurik eraginkorrena. Askotan jarrera bat hartzearen zergatia xehetasun ñiminoen kontua izan daiteke eta gerora xehetasun txiki hori erraldoi bihurtu. Noiz izan dezake kontzientzia kantugile batek idatzi dituen esaldi eta leloak transzendentalak izango direla etorkizun hurbil edo urrunean? Ez dago inteligentzia bizidun edo artifizialik esateko noiz bilakatuko den kantu jakin bat kontzientzia kolektiboko parte.

Aparteko gertakariei gerora bilatu ahal zaizkie arrazonamenduaren iturriak, baina aldez aurretik ez genuen jakin nola lortu zuen transzendentzia Ez Dok Amairu batek, ezta Euskal Rock Erradikalak. Eta hurrengoaren transmisioa nola? Konturatu gabe gertatu.