Ion SALGADO
EKITALDI SOLIDARIOA

JAIETAN ERE, EUSKAL PRESOEN GIZA ESKUBIDEAK ALDARRIKATZEKO PREST

MILAKA LAGUN BILDU ZIREN ATZO IRUñEAN JAIEZ GOZATZEKO AUKERA UKATUA DUTEN IRUINDARREN ESKUBIDEAK ALDARRIKATZEKO ETA ESTATUEK EZARTZEN DITUZTEN SALBUESPENEZKO NEURRIAK SALATZEKO.

Iruindar guztiek ezin izango dute sanferminez gozatu. Askok urrun biziko dituzte jaiak. Batzuk estatu frantseseko eta espainoletako kartzeletan, Madrilgo eta Pariseko gobernuek indarrean eduki nahi dituzten salbuespen neurriak pairatuz; besteak, Euskal Herritik kanpo errefuxiatuak edota deportatuak. Atzo milaka lagun bildu ziren Zumalakarregiko atarian errepresaliatuek bizi duten egoera latza salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko.

«Hain berezia den momentu honetan, gogoan ditugu barruan gelditu diren kideak, euskal preso politikoak, baita iheslariak ere. Guztiak egon beharko lirateke hemen, gurekin», nabarmendu zuen Alberto Matxainek, aurten aske geratu den preso iruindarrak, EPPKri eta EIPKri babesa adieraziz. «Haien ildoen garapenaz eta herri aktibazioaz, blokeoaren horma pitzatzen joango gara. Kostako zaigu, erronka gogorra dugu aurrean, baina ez izan zalantzarik den-denak ekarriko ditugula», esan zuen. Jarraian, Izaskun Lesaka burlatarraren eta Joseba Iturbide lesakarraren egoera nabarmendu zuen. Biak gose greban daude, borrokan, espetxe berera eraman ditzaten.

Miren Zabaletak ere kartzelaturik jarraitzen duten euskal herritarrak gogoratu zituen. «Pozik gaude, uztailaren 6a delako, baina egia da ere bihotza erdibitua dugula, oraindik ere oroitzen garelako azken urte luze hauetan espetxean kideekin edo isolatuta pasatu ditugun uneez», azpimarratu zuen. Eta presoen etxeratzea lortzeko egin behar diren urratsak azaldu zituen. «Herri oso bat jarri behar dugu martxan, presoen arazoa ez delako euskal presoena bakarrik, ez delako senideena bakarrik, ezta ezker abertzalearena soilik ere. Presoen auzia behar bezala konpontzea, amnistia lortzea, herri honetarako bakea eskuratzea delako», ohartarazi zuen. Bide horretan, larri gaixo dauden presoen askatasuna lortzea lehentasun bat dela nabarmendu zuen preso ohiak.