Ion SALGADO
GASTEIZ

EH Bilduk Arasur-en kontrol publikoa bermatu nahi du

Arasurren kontrol publikoari eutsi behar zaiola adierazi zuen atzo Kike Fernandez de Pinedok, Merlin Propertiers agentziak gune logistikoaren %88a erosteko interesa duela ohartarazi zuen politikariak.

Merlin Propertiers higiezinen agentziak Arasurren %88a erosteko interesa agertu duela-eta kezkatuta, EH Bilduk gune logistiko horren kontrol publikoari eutsi behar zaiola azpimarratu zuen atzo. Hala, hemendik aurrera jabegoari dagokionez inbertsio proportzionalak egiteko eskatu die koalizio subiranistak Arabako Foru Aldundiari eta gainerako erakunde publikoei.

Izan ere, Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok gogoratu zuenez, azken urte hauetan aldundiak 85 milioi euro inbertitu ditu Arasurren, duela hamar urte zabaldu zen gune logistikoan. Orduan inbertsioa 360 milioitik gorakoa izan zen eta ia osorik erakundeen esku egon zen.

Tren bazterbidearen lanak hasi zirenean, 2013an, Arabako Aldundiak inbertsioaren %30 hartu zuen bere gain, baina gaur egun, jabegoan hainbat aldaketa izan ostean, erakundeak akzioen %1,95 baino ez ditu. «Ez da inbertsio publikoa egin eta gerora esku pribatuetan gelditzen den lehen azpiegitura. Baina halakoak ezin dira errepikatu, eta hemendik aurrera egiten diren inbertsioak proportzionalak izatea eskatzen dugu», esan zuen.

Eskaera Kutxabank entitateari

Merlin enpresak Sabaren %43 eta Kutxabank entitatearen esku dagoen beste %43 erosteko interesa duela jakin da. Horregatik, atzo iragarritako mozioan, bere zatia ez saltzeko eskatu dio EH Bilduk Kutxabanki. Horrela, Arasur gune logistikoaren kontrol publikoa bermatu nahi du koalizioak.

Fernandez de Pinedok azaldu zuenez, multinazionalak socimi figura erabiltzen du zergak ordaintzeko orduan. Alokairuan jartzen dituzte erosten dituzten higiezinak zerga abantailak eskuratzeko. «Baina enpresa honek etxebizitzen arloan ez ezik, logistika arloan ere negozioa du», nabarmendu zuen, «burbuilak eztanda egin ostean» Merlin Propertiers enpresari esker sozietate ugari Ibex 35ra itzuli direla ohartarazi ondoren.

«Arasur nola sortu zen ikusita eta hainbeste diru publiko inbertitu ostean, ezin dugu onartu orain Kutxabankek jabegoa esku pribatuetan uztea, gune logistikoa arabar guztiona delako. Batez ere, kontuan hartzen badugu enpresa multinazional horrek beste higiezin boom bat egin nahi duela logistika arloan», azpimarratu zuen EH Bilduko bozeramaileak.

Pinedok berak defendatuko du koalizioaren proposamena Batzar Nagusietan.