GARA
TOKIO

Shinzo Abe lehen ministroak Senatuan duen gehiengoa sendotu egin du

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro kontserbadoreak indartu egin du bere posizioa igandean egin ziren hauteskundeetan. 242 eserleku dituen Senatuaren erdia berritu zen, eta emaitza horiei esker, agintariak nahi duen Konstituzio aldaketa bertarago dago une honetan.

Shinzo Aberen Gobernuaren aldeko indarrek sendotu egin dute Senatuan zuten gehiengoa. LDP Alderdi Liberal Demokratak 121 eserleku izango ditu hemendik aurrera, eta Komeito Berria alderdi budistak beste 25, NHK telebista kateak eskainitako datuen arabera.

Beraz, Gobernua babesten duten bi alderdien artean 146 senatari izango dituzte, orain arte 135 baino ez zituztenean. Gainera, Abek egin nahi duen Konstituzio aldaketarekin bat egin duten beste indarrek 15 senatari izango dituzte.

Lehen ministroak berak garaipenaren irakurketa ekonomizista egin zuen, Konstituzioa aldatzeko asmoa beste baterako utzita. «Abenomics» izeneko erreforma ekonomikorako estrategiarekin aurrera jarraitzeko argi berdea ikusi du agintariak: «Nire Gobernuak Abenomicsekin aurrera jarraitzeko agindua jaso du», adierazi zion NHK kateari. Konstituzioa aldatzeko asmoari dagokionez, lehen ministroak adierazi zuen «hauteskundeotan gai hori ez da izan eztabaidatuetako bat».

Edonola ere, Shinzo Abek jakinarazi du Konstituzioaren aldaketa prestatu behar duen Parlamentuko batzordea udazkenean hasiko dela lanean, «aldatzeko moduko testuaren xehetasun eta artikulu zehatzak zeintzuk diren erabakitzeko».

“Nikkei” egunkariarekin egindako beste elkarrizketa batean, Shinzo Abek onartu du «LDP alderdia sortu zenetik, Konstituzioa aldatzea izan dela bere helburu nagusia».

Aberen Gobernuak dagoeneko lortu ditu aldaketa batzuk. Esaterako, Konstituzioaren 9. artikulua beste modu batean interpretatzea onartu zuen 2014an: interpretazio zaharraren arabera, Japoniako militarrek ezin zuten indarra erabili nazioarteko gatazkak konpontzeko. Gainera, iazko irailean aurrera ateratako legeen arabera, Japoniak «autodefentsa kolektiboa» egiteko eskubidea du.

Aldaketa horiek aurrera atera ziren, nahiz eta herritar asko aurka egon eta kalera irten protesta egitera. Egungo Konstituzioaren izaera bakezalea hankaz gora bota nahi dute erreformek, manifestarien arabera.