GARA
DONOSTIA

Donostiako metroa gelditzeko 8.916 sinadura batu dituzte

8.916 donostiarrek metroaren pasantearen aurka sinatu dute. Satorralaia elkarteak Gipuzkoako Diputazioan aurkeztu zituen atzo sinadura guztiak, herri galdeketa bat eskatuz.

Elkarteak salatu zuenez, Donostiako metro pasantearen egitasmoaren inguruan «informazio falta eta parte hartzeko biderik eza nabariak izan dira». Honen aurrean, sinadura bilketa abiatu zuten. «Lakuak prozesu parte hartzaile bat abian jartzeko inolako asmorik ez duela ikusita, lehenengo udaletxera jo genuen herri galdeketa bat egiteko egon daitezkeen bideak aztertzeko asmoz. Alabaina, Udalak berehala ezezkoa eman zion aukera honi, metroaren aferan inongo eskumenik ez duela argudiatuz».

Honen ostean eskaera Aldundira bideratu zuten. Diputazioak 3.150 sinadura eskatu zituen, Donostian erroldatutakoen %2, baina aise gainditu dute langa hori.

Merkataritza Ganberara

Bestetik, Satorralaiak bihar Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egingo den ekitaldi instituzionala salatu eta elkarretaratzera deitu zuen 10.00etarako: «Metro pasantea gelditzeko herritarren aldarrikapena bertara eramateko elkarretaratzea deitzen dugu».

Era berean, iragarri zuten asteburuan Baionan “Behar gabeko proiektu erraldoi eta inposatuen aurkako foroak” egingo duen topaketan parte hartuko dutela. Bertan, hainbat herrialdetako mugimenduak elkartuko dira, tartean Alemaniako Stuttgart XXI bizilagun elkartea –jada eraikitzen ari diren trenbide berri baten kontra dagoen taldea–. Horien hitzaldia antolatu dute hilaren 19rako, Koldo Mitxelena Kulturunean.