GARA
ZUMARRAGA

Madrilek 834.000 euro emango ditu Arcelorreko erretiroei laguntzeko

Kaleratutako 59 urtetik gorako 21 langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzen jarraitzeko laguntza emango du Madrilek. Enpresak egin beharko lukeen diru ekarpenari gehituko zaio kopuru hori.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Madrilgo ministerioak 834.000 euro bideratuko ditu, Zumarragako Arcelor Mittaleko langileak aurretiko erretiroa hartzeko ordua iritsi arte hornitzeko, horiek tarte horretan Gizarte Segurantza ordaintzen jarraitu ahal izateko.

Ministerioak enpresako ordezkariekin bilera izan zuen joan den hilean. Bertan, azaldu zioten «krisi ekonomiko luze hau produktu siderurgikoen eskaeran eragin handia» izaten ari dela, batez ere Arcelor Mittalek ekoizten dituen produktu motei dagokienez. Hori dela eta, fabrika partzialki itxi behar izan zuten 342 langileen egoerari eraginez.

Ondorioz, 59 urtetik gorako 21 langileren kaleratzea hitzartu du lantegiak enpresa batzordearekin, adina betetzean aurretiko erretiroa har dezaten. Gainerako langileen egoera zehazteke dago oraindik.

Hala, «pertsona horiek berriro merkaturatzeko izango lituzketen zailtasunak kontuan izanik» behar bat ikusi du ministerioak, eta erretirora iristeko falta zaizkien urteetan diru ekarpen hori egiteko prestasuna agertu du. Horretarako, 834.000 euroko laguntza emango du.

Enpresak ematen duen laguntzari gehituta hori nahikoa izan beharko litzateke erretirora arteko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu ahal izateko. Subsidio-funts bat osatuko dute horrela.

Oporretarako proposamena

Bestalde, Arcelorrek Sestaoko ACBko langileei oporrak hartzeko proposatu die, lantegia abuztuan zabaltzea aurreikusten duela-eta. Horretarako, enpresa batzordearekin eta Lakuako gobernuarekin akordio batera iritsi beharko da enpresa.

Hasiera batean uztail erdialdean zabaldu nahi zuten ACB, baina Lakuako gobernuarekin itxi beharreko akordioa itxi gabe zegoenez atzeratu egin dute.

Enpresa batzordeak bilera egin zuen enpresarekin, eta bertan aipatu zieten lantegia abuztuan zabaltzeko asmoa. Honek oporrak uztailaren 21etik abuztuaren 7ra egitea erabaki du. Enpresak, Lakuarekin akordio batera iritsiko balitz, fabrika abuztuaren 8an zabaltzeko asmoa duela iragarri du batzordearekin izandako bileran.