GARA
DONIBANE GARAZI

Hogeita bederatzi urteko gizona bilatzen jarraitzen dute

Hogeita bederatzi urteko gizon bat desagertu zen Ipar Euskal Herrian asteartean, uztailaren 12an.

Auzokoek azaldu dutenez, Beñat Indaburu gaztea goizeko 4.30 aldera irten zen etxetik, egunero bezala, Aldudeko gaztandegira lanera joateko. Orduz geroztik desagertuta dago eta sokorri zerbitzuak bere bila. Donibane Garazi eta Aldude artean hasi zuten bilaketa asteartean bertan, baina Nafarroara hedatu dute dagoeneko.

Indaburu aurkitzen laguntzeko asmoz, Volkswagen Golf beltza gidatu ohi zuela jakinarazi da, BZ-115-ZM matrikuladuna, baita gaztearen berri izanez gero frantziar Estatuko poliziarekin kontaktuan jartzeko zenbakia zabaldu ere: 05 59 49 20 10.

Bestalde, EAEn 212 desagerpen espediente daude zabalik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. Azken hamar urteotan, Ertzaintzak 30.824 desagertze salaketa jaso ditu eta gehienetan desagertua ordu gutxira aurkitzen bada ere, 212 kasu daude argitu gabe oraindik.

Aurtengo datuei begira, ekainera arte 1.929 salaketa izan dira, horietatik 34k irekita jarraitzen dute.