GARA
GASTEIZ

Izaskun Lesakak eta Joseba Iturbidek bertan behera utzi dute gose greba

Joseba Iturbideren eta Izaskun Lesakaren senideek atzo Etxerati azaldu ziotenez, bi euskal presoek bertan behera utzi dute, hurrenez hurren, ekainaren 28an eta uztailaren 4an hasi zuten gose greba. Lesaka Poitiersen dago preso eta atzo utzi zuen greba; Iturbide Fleuryn dago eta uztailaren 8an utzi zuen, Etxeratek esan duenez.

Iturbidek abiatu zuen gose greba lehenik, eta bere bikotekide Lesaka zigor ziegan sartu zen bere borondatez. Handik ateratzean berak ere barauari ekin zion. Espetxe desberdinetan egonda, senar-emazte gisa eskubidez dagozkien bisitak galarazten dizkiete eta beren artean gutun bitartez soilik komunika daitezke. Gose grebaren bidez, kartzela berean egotea aldarrikatzen zuten.

Bestetik, Oihana Barriosek eta Oier Azkarragak parte hartu zuten atzo UEUren Udako Ikastaroetan. “Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean” ikastaroan gatazkaren gaineko hausnarketa bultzatu nahi izan zuten, kartzelari begiratu berri bat emanez, gertatutakoaren kontakizun feminista egin nahian. «Bakea indarkeriaren onarpen hutsa da. Ez da bakerik egongo sistema patriarkalak emakumeen kontra segitzen duen bitartean», esan zuten.

Oihana Etxebarrieta kazetari, ikertzaile eta Bilgune Feministako kideak eta Arantza Santesteban historialari eta mugimendu feministako kideak ere hartu zuten parte. Borroka imajinarioen irakurketa feminista egin zuten, batik bat, euskal gatazkari lotutako filmetan oinarrituta. Azaldu zutenez, iruditeriek osatzen dute kontaketa, «eta ez dira neutroak».

Elkarretaratzeak

Presoen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzeak izan ziren makina bat lekutan: Lekeitio (90), Bergara (49), Andoain (22), Deba (56), Mutriku (55), Lizarra (33), Mundaka (21), Hondarribia (24), Agurain (37), Durango (54), Getaria (40), Zarautz (114), Gatika (9), Arbizu (41), Barañain (38), Iruñea (110), Galdakao (85), Gasteiz (310), Ondarroa (165), Hernani (175), Etxarri Aranatz (45).

Ostegunean elkarretaratzeak izan ziren Eibar (65), Burlata (43) eta Iturraman (10). Asteazkenean 32 lagun bildu ziren Santurtzin, eta astelehenean mobilizazioak izan ziren Gernika (47), Otxarkoaga (18), Euba (8), Iurreta (26), Zaldibia (22), Ondarroa (76), Astrabudua (20), Ataun (16), Iruñea (35), Laudio (43), Bermeo (10), Donostia (128) eta Beran (20).