Jon ORMAZABAL
PILOTA

Atzera eta aurrera begira

Azken partida jokatu zenetik 36 urte igarota, Emakumeen Erraketa Partida jokatuko da bihar Errenterian.

1980. urtean itxi zen Fronton Madrid, raketisten azken pilotalekua, aurreko hamarkadetan arrakasta itzela izan zuen mugimenduari amaiera emanez. Pentsa, 1943. urteko estatistika baten arabera, pilota jokamolde guztietako 1.432 pilotari profesional ziren, eta horietatik erdiak baino gehiago, 734 zehazki, emakume raketistak ziren. Hala ere, inork gutxik du emakume aitzindari haiek egindakoaren berri. Isiltasun eta ezjakintasun horri aurrera egitera dator Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkartea, autoa gidatzen dugunean bezala, atzerako ispilutik begiratu baina aurrera joan nahi duen taldea.

Duela bi urte hasi ziren Jon Juanes eta Ainhoa Palomo gaiaren inguruan ikerketa sakon bat egiten. «Gu asko kezkatzen gaituen gaia isiltasunarena da. Nola da posible gai honen inguruan gaur egun horren gutxi jakitea? Garaiko gizartea zen bezalakoa zen, Euskal Herrian ez zegoen raketisten ofizioa ondo ikusia, komunikabideetan ez zen euren jarduna jasotzen... eta horrek denak ekarri du isiltasuna eta ahanztura. Emakume gehienak hilik daude, dozena erdi bat geratzen dira, baina gehienak 90 urteen bueltan daude eta ondare hori jasotzea oso garrantzitsua da», azaldu dio GARAri Ainhoa Palomok.

Bizirik dauden pilotarien artean dago Agustina Otaola. Bere izena darama emakumezko izena duen pilotaleku bakarrak –Errenterian– eta bertan jokatuko da bihar, 36 urte igaro ostean, raketisten arteko partida bat, Madalena festen barruan. Amaia Irazustabarrena-Nagore Martin / Susana Muneta-Maria Saez, pilota molde guztietan palmares ikaragarria duten kirolariak laurak.

«Elkarte bat dugu eta gure asmoa da, ikerketa egitearekin batera, gaur egun pilota munduan puntan dabiltzan neskekin garai bateko modalitatea erakustea, berreskuratze lan bat. Batak bestea elikatzen du, ezagutzeko modu bat da, iragana zer izan zen ikasi eta, aldi berean, neskek modalitate berezi honetan espektakulua berriz ere martxan jartzeko aukera, nahiz eta ez izan txapelketa federatuen barruan», azaldu du elkarte honetako kide Palomok.

Erakustaldiak ematea da asmoa eta, oraingoz, Errenteriakoaz gain, irailaren 9an, Donostiako Euskal Jaien barruan, beste erakustaldi bat egingo dute Egiako pilotalekuan.

Egokitzapen arazoak

Garai batean, sekulako arrakasta izan zuen modalitateak eta xedea garai hartako ikuskizunak eman ahal izatea da. Bidaiarik luzeenak ere, halere, pauso txiki batekin hasten dira, eta poliki-poliki ari dira bide horretan.

Kontua da gaur egun ez dela federatutako nesken txapelketarik larruzko pilotarekin eta raketista berriek material berri eta bizi horretara ohitu behar dute. Jon Juanesek gidatuta, 9 neska inguruko taldetxo bat osatu dute eta ari dira lan horretan. «Hemen arazoa da neskak ez direla pilotatik bizi eta orain arte aritu diren modalitateetan aritzeaz gain raketista bezala entrenatzeko denbora gutxi dutela».

Ez dira horiek, ordea, abentura honetan topatu dituzten oztopo bakarrak, materialarekin ere arazoak izaten ari baitira. Kontua da, euren filosofia, garai batean bezala, egurrezko raketekin jokatzea dela, baina erremintek eta sartzen dizkieten sokek oso sendoak behar dutela izan eta gaur egun aritzen direnak apurtu egiten zaizkiela. Bidasoa Lanbide Hezkuntza Institutuan erraketak birsortzen saiatzen ari dira; emaitzak oraingoz ez dira egokienak, baina lanean jarraitzen dute. «Azken partida duela ia 40 urte jokatu zen eta ia zerotik hastea bezala da. Ez dakigu ze ezaugarri behar dituzten eta ikertzen ari gara. Mutrikuko Zumalabe ebanistak egiten zituen eta bere garaian urtean 3.000 egitera ere heldu zen», diosku Palomok.