Amets TXURRUKA
Orica taldeko txirrindularia

Hankaz gora

Esker txarrekoa da askotan txirrindularitza. Maila ona lortu ahal izateko eta lasterketen borrokan egon ahal izateko lana gogotik egin behar da eta asko sakrifikatu. Hiru asteko lehia izan arren, urteetako lan gogorraren emaitza ikusten da honelako lasterketetan. Okerrena, halere, batzuetan egindako lan eskerga hori istant batean ezerezean geratzen dela da, eta horixe ikusi dugu gaurko etapan. 

Matxura mekanikoak, erorketak, gaixoaldiak eta antzekoak tarteko, txirrindulari askoren lan guztia pikutara joaten da sarritan, eta momentu batean gal daiteke hainbat egun, hilabete eta urtetan egindako esfortzua. Aurten, hautagai nagusienen artean, Contador izan zen etxera joan zen lehena. Richie Porte ere momentu txarrean egindako zulatu batek utzi zuen sailkapen nagusiko lehenengo postuetatik jokoz kanpo. Gaur, Tom Doumolin izan da erori eta lasterketa utzi duena, baina jarraian, euria tarteko, etaparen lehian zen Rolland, Porte bera, Mollema, Froome… Denak hankaz gora ikusi ditugu eta Tourreko sailkapen nagusia ere berdintsu. Egunez egun, segundoz segundo borrokatutako postuak lekutara joan zaizkie zenbaiti.

Froomek salbatu ahal izan du maillot horia, baina ez gutxi kostata. Aurten, ohiko bizikletarekin, erlojuaren aurkakoarekin, antolatzaileek utzitako bizikleta batekin, taldekidearenarekin edo bizikletarik gabe korrika defendatu behar izan du maillot horia. Maldan gora baino beheraka irabazitakoa jaitsiera busti arriskutsuan galtzear egon da.