J.L.
N

Mieltxo Mindegiak maila nagusian aritzeko lehen urratsa eman du

Mieltxo Mindegiak datorren urtean Nafarroako Lehen Mailan aritzeko aurreneko urratsa eman zuen, eta sekulako lana eginez irabazi zuen Etxalarren jokatu zen kanporaketa. Bigarren sailkatuari minutu eta erdi kendu zizkion.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu behar izan zituen, eta multzo ezberdinetan banatuta aritu ziren. Asteburu bikaina izan da Mindegia anaientzat. Batek, herenegun Nafarroako Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen, eta atzo besteak Bigarren Mailako kanporaketa irabazi zuen. Biak dira Miel Mindegiaren semeak.

Mieltxo Mindegia beste guztien oso gainetik agertu zen, eta egindakoa sekulakoa izan zen. Hasi eta bukatu oso bizi aritu zen Zubietako aizkolaria, eta amaieran hiru enborrak mozteko 7 minutu eta 28 segundo behar izan zituen.

Bere atzetik, Etxeberria II.a sailkatu zen, baina borroka handi samarra izan zuten, izan ere, bigarren postutik atzera tarteak txikiak izan ziren. Sunbillakoak 8 minutu eta 57 segundoan burutu zituen bere egin beharrekoak. Hirugarren postua Eneko Saralegirentzat izan zen, eta berak 9 minutu eta 11 segundoan amaitu zituen jardunak. Laugarren Resano izan zen, eta 09.19 izan zen bere denbora. Bosgarren postua Kañamares IV.arentzat izan zen, eta berak ere 9 minutu eta 19 segundoan amaitu zuen saioa. Lehen bostek lortu zuten finalerako txartela.

Hortik atzerakoek ezingo dute finalik jokatu, eta honela sailkatu ziren: Oihan Larretxea (9.27), Erdozia (9.31), Beltza (9.40), Etxeberria (10.32) eta Indakoetxea (10.48). Mailarik ez du inork galduko, izan ere, Kañamares II.ak eta Xabier Mindegiak uko egin diete aurten txapelketa jokatzeari, eta haiek galduko dute maila. Finala urriaren 2an jokatuko da, Etxarri Aranazko pilotalekuan.

Honi buruzko guztia: N