MAHAI GAINEKO TENISEAN EZ DAGO TXINARI ITZAL EGINGO DIONIK

Mahai gaineko tenisa oso kirol ospetsua da Txinan, eta Olinpiar Jokoak heltzen diren bakoitzean argi geratzen da beraien nagusitasuna. Lau urrezko domina zeuden jokoan Rion, eta momentuz horietatik hiru txinatarrek irabazi dituzte. Emakumezkoen bakarkakoan Ning Ding izan zen onena finalean Li Xiaoxia herrikideari irabazi ostean; gizonezkoetan garailea Long Ma izan zen, beste txinatar bati irabazita (Jike Zhang); emakumezkoen taldekakoan Txinak eraman du urrea finalean Alemania 3-0 argi batekin mendean hartuta; eta bart gauean gizonezkoen taldekako finalean Txina zen faborito Japoniaren aurka. Hemendik lau urtera Tokion apustu egin behar baduzue, badakizue. Juan MABROMATA | AFP PHOTO