Espartinek aldi berean turismoa erakarri eta gatazka sor dezakete Zuberoan
Zuberoa turistikoki eta ekonomikoki garatzeko, Herri Elkargoak «Mauleko Espartiña ateleria» proiektua abiatu du. Baina Soule Espadrille-Xiberoa Espartina elkartea kontra dago, eta ziurtagiri geografiko bat lortu nahi du.

Espartinak aspalditik daude Maule-Lextarre eta Zuberoa osoarekin lotuta. Historikoki produkzio gune handia izan da, eta bertan egindako espartinak oso ospetsuak izan dira; egun ere Estatu frantseseko produkzio gune nagusia da. Hori dela eta, azken urteotan zapata mota honek izandako berpizkundea baliatu nahi dute bai produktoreek bai erakundeek ere. Aldiz, ez dira bidean ados jartzen.
1970tik 2000ra bitartean apreten produkzioa asko txikitu zen, betiko estiloa «zaharkitua» eta «modaz kanpo» gelditu zelako zein, bereziki, Txinan eta Bangladeshen egindako espartinek merkatua bereganatu zutelako. Geroztik, baina, bai artisauek bai diseinatzaile berriek espartinei emandako ikuspegi moderno eta bereziei esker, arrakasta handia lortu dute. Hala, urtero 1,6 milioi pare egiten dira, hau da, Zuberoako produkzio osoaren %85. Ehun bat lanpostu ere sortu dira.
Hortik abiatuta, Xiberoa Herri Elkargoak abarketa baliabide turistiko bilakatu nahi du, produktua promozionatuz eta kalitatezko produktuen sare lokala sortuz, Maule markaren bitartez. “Espartiñaren ateleria” izango litzateke bidea horretarako. Bertan lau espazio ezberdin aurreikusten dira: produkzio gunea (turismo industriala), showroom edo erakusketa gela, harrera eta promozio tokia eta, azkenik, apretaren historia kontatuko duen museoa.
Produktoreak eta labela
Baina Zuberoan ez daude denak proiektuarekin ados, lau espartingilek beste bide bat hartu dute-eta, euren produktu propioa promozionatzeko. Soule Espadrille-Xiberoa Espartina elkarteko kideek ziurtagiri geografiko bat lortzeko txostena aurkeztu zuten ekainean INPI Jabetza Intelektualaren Institutu Nazionalean. Horri esker produktuaren berezitasunak eta mauletarrek espartinak egiteko duten trebetasuna agerian geldituko direla espero dute.
Komertzio eta Artisautza Idazlaritzak iaz atera zuen label mota berri bat da ziurtagiri geografikoa, eta produktu manufakturatuak ere egon daitezke bertan. Sortu zenetik beste bi produktuk egin dute eskaera: Marseillako xaboia eta Limogesko portzelana. Label zuberotarraren izena “Espadrilles de Mauleon-Mauleko espartina” litzateke. Eskaeraren azterketa irail bukaerara bitarte luzatuko da, eta deliberoa hilabete batzuk barru heltzea espero da.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
