GARA
ALTSASU

Jazarpen polizialaren amaiera aldarrikatu dute Altsasuko Ospa Egunean

Guardia Zibilaren eta poliziaren aldetik jasaten duten jazarpen eta kontrola tarteko, polizia indarrek herritik alde egin dezaten eskatzeko aldarrikapen eguna izan zuten atzo Altsasun, Ospa Egunean.

Urtero legez, Ospa Eguna ospatu zuten atzo Altsasun Guardia Zibilaren eta poliziaren presentzia itogarria salatzeko. Aurreko egunetan, Dignidad y Justicia elkarteak Altsasuko ekimenaren debekua eskatu zuen Nafarroako Fiskaltzaren aurrean, Guardia Zibilarentzat «iraingarria eta laidogarria» dela adieraziz. Hala ere, egitaraua bere horretan mantendu zen.

Debeku eskaeraren aurrean, antolatzaileek nabarmendu zuten ekimenaren edizio guztietan Ospa Egunaren «porrota» bilatzen aritu direla. Besteak beste, gogora ekarri zituzten 2011ko inputazioak eta 2013ko debekua, eta azken bost urteetan Altsasun isunetan 30.000 euro ordaindu direla.

Eguerdian hasi ziren ekitaldiak herriko plazan eta herri bazkariaren ostean triki poteo herrikoia, kale animazioa eta parodia oinarri duen desfilea egin zituzten. Gauerako kontzertu ezberdinak zeuden antolatuta. Umorea eta festa baliatuz «Euskal Herriak pairatzen duen errepresio oro» salatzea da Ospa Egunaren xedea.

Antolatzaileen arabera, Altsasun azken hiru hilabeteetan 128 polizia kontrol izan dira eta Lezea eta Lurrazpi tabernetan jendea identifikatu eta miatu izan dute indar polizialek.

Horrez gain, joan den ekainaren 15ean Guardia Zibilak haurrei zuzendutako «ate irekien eguna» egin zuela salatu zuten, haurrei armak eta bestelakoak erakutsiz.