N. GOTI
BILBO

Marmiten Areatzan ehunka zenbatzen dira lapikoak eta giroa bera ere dastatzeko modukoa da

Egunero milaka lagun eta ehunka lapiko biltzen dituen Areatzan, kozinatzeko plazera eta jai giroa eskutik doaz. Atzo, marmitako txapelketan, Aretako Zipi Zaperen eta Tintigorriren lapikoak izan ziren nagusi.

Etxean sukaldea kozinatzeko txokoa soilik ez den bezalaxe, Aste Nagusian Areatza ez da bakarrik parrandarako gunea. Izan ere, sukalde erraldoi eta gastronomiaren santutegi ere bada.

Eguraldi kaskarrari aurpegi ona ipini behar zaion bezala, egunotako bero itogarriari aurre egiteko derrigorrezkoak ziren atzokoan Areatzan eguzkitako on bat, hamaiketakoa, edari freskoak.... eta, batez ere, umorea eta parrandarako gogoa. Lapikoak ikustekoak eta usaintzekoak baziren ere, ikuskizun ederra bilakatu ziren ere girlandekin apaindutako estalkiak, askotariko txanodun sukaldariak, ur pistolekin egindako “dutxak”, txikienen txipli-txaplak plastikozko igerileku txikietan...

Marmitakoa zen atzoko protagonista, eta 170 lapiko lehiatu ziren IX. Kantauriko Marmitako Bandera lortzeko. Laudioko Areta auzoko Zipi Zape taldeak lortu zuen puntuazio onena, eta, konpartsen artean, Tintigorrik. Baina Areatzan, txapelketez gain, gastronomiak bestelako lekurik ere badu: bertako arrainen gaineko informazioa, Mikel Garaizabal enologoak gidatutako dastatzeak... «Kolore eta adin guztietako lagunak aritzen gara antolakuntzan, hogeitik gora, eta ikaragarri pozik gaude, erabat ekimen integratzailea delako. Makilaren Kofradiak eta Bilboko Konpartsek beti xede izan dugunera iritsi gara, 24 orduz doako ekitaldi anitzak eskaintzera, bakoitzak aukera dezan zertan parte hartu», nabarmendu zuen lehiaketa gastronomikoen zuzendari Pedro Prietok.

Antolatzaileen karparen aurrean, Txori Barroteko gastronomia taldekoak ere jo eta su ari ziren. Ez zekiten asteburuko bisitetan presoek lortu dituzten emaitzen berri izango duten, baina, badaezpada, gogorarazi zuten txipiroi txapelketan zazpigarrenak izan zirela, hirugarrenak bakailaoa bizkaitar erara prestatzen, zazpigarrenak bakailaoa pil-pilean kozinatzen....

Zaratasekoek hiru lapiko aurkeztu zituzten atzo, bat konpartsaren izenean. Euren kasuan, lortutakoa ere ez da makala. Laugarrenak izan dira txipiroiak prestazen, bosgarrenak bizkaitar erarako bakailaoan eta hemeretzigarrenak oro har. Koilara handia eskaini ziguten probatzeko eta ezin gozoagoa zegoen marmitakoa!