Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Broad Peak eta Gasherbrum IV hamalau eguneko tartean

Ales Cesen eta Luka Lindic gazte esloveniarrak Karakorumeko erraldoietan arrakasta izan duten bakarrenetarikoak izan dira.

Karakorumeko denboraldiak ateak itxi ditu dagoeneko, eta, bederen, zortzimilakoei dagokienez, lasai asko esan daiteke nahiko lehorra izan dela. Hots, apenas izan den igoera azpimarragarririk.

Lehorte horretatik sokada esloveniar batek egindakoa ekarriko dugu lerrootara. Protagonistak Luka Lindic eta Ales Cesen dira. Biak ala biak gazteak, baina, era berean, biak ala biak goi mailako alpinistak; dagoeneko, Frantziako urrezko piolet bana dute.

Lerroburuei dagokienez, aurreratu behar dugu esloveniar hauek Karakorumeko bi erraldoi hamalau egunen buruan igo dituztela. Lehena, Broad Peak (8.051 m) izan zen. Gailurra uztailaren 12an zanpatu zuten; denboraldi honetako gailur bakarra izan da. Hilaren 26an, berriz, Gasherbrum IV mendiaren (7.900 m) ipar tontorrera igo ziren; ipar-mendebaldeko ertzetik eskalatu zuten. Bi eskaladak estilo arinean egin zituzten.

Horixe da, beraz, Lindic eta Cesenek lortu dutena. Alabaina, aipatu behar dugu gazte hauen asmo nagusia beste bat zela. Broad Peak-en “girora egokitu” ondoren, G-IV mendiaren Shining Wall edo mendebaldeko aurpegia zuten helburutzat. Baina hormatzar gogor horretarako baldintza egokirik ez zutenez, ipar-mendebaldeko ertza aukeratu eta mendiaren ipar tontorra egin zuten.

Nahiz eta helburu nagusia ez lortu (hasi ere ez zuten egin), bi alpinistok eginiko lanarekin pozik itzuli dira etxera. Hurrengo lerrootan Cesenek berak Karakorumeko bi erraldoi horietan egin dituzten eskaladen inguruko argibideak emango dizkigu.

Broad Peak eta G-IV

«Hirugarren aldia nuen Karakorumen. 2006an, nire anaia Necekin Trangoko multzoan hainbat eskalada egin nituen. Handik bi urtera, Rok Blagus eta Luka Lindicekin K7 mendiaren mendebaldeko tontorra egin nuen. Horretarako Prezelj eta enparauen bidea aukeratu genuen. Niretzat, ordura arte mendi handi batean egindako eskalada zailena eta teknikoena izan zen.

»Bi espedizio horien ondoren, nire hirugarren bisitarekin irrikatzen nengoen. Hori bai, urduri ere banengoen 8.000 metroko garaiera magiko horrengatik; ordura arte soilik 7.000 metroko kotan jardundakoa nintzen.

»Kanpaleku nagusia G-IV mendiaren mendebaldeko aurpegiaren ondoan altxatu genuen. Bizkar-zaku txikiekin horma erraldoi hori aztertu genuen, eta girora egokitzeko bi gau 5.500 eta 5.700 metrora igaro genituen. Paretaren egoera ikusirik, G-IV baztertu eta Broad Peak igotzea erabaki genuen. Jakina, ez zen gure lehentasuna, ezta gure erronka nagusia ere. Alabaina, zortzimilako horren eskalada ez genuen gutxietsi.

»Nahiz eta Luka Makalun 8.000 metroko kotatik gora egon zen, gure libretetan zortzimilakorik ez genuen. Igoeraren lehen egunean, mendiaren behealdean, taldetxo batekin egin genuen topo; alpinistok soka finkoak erabiltzen ari ziren. Bibaka bigarren kanpamentutik baino pixka bat gorago (6.300 m) jarri genuen. Gauean elurra egin zuen, baina, egoera ondo aztertu ondoren, aurrera jarraitu genuen. Bigarren gaua, berriz, 7.000 metrora pasatu genuen. Biharamunean, bibakera jaitsi eta di-da batean kanpaleku nagusian geunden.

»Egun batzuk atseden hartzen igaro ondoren, gure lehen igoera nagusirako prest geunden. Bidea ondo ezagutzen genuenez, bi egunetan 7.300 metrora ginen. Gailur egunerako oso arin joan ginen. Elur sakonarengatik lan handia egin behar izan genuen. Nahiz eta haizeteek ondo astindu, tontorra ia arazorik gabe zapaldu genuen. Dendara jaitsi, jaso eta biharamunean G-IV mendiaren oinarrian altxatutako kanpalekura iritsi ginen. Girora egokitzeko fase onekin oso gustura geratu ginen.

»Egun batzuetako atsedenaren ondoren, berriro ere indartsu eta motibatuta geunden. Baina gure erronka nagusirako berriak txarrak ziren. Eguraldi oneko leiho txiki bat iragarri ziguten, eta, beraz, tarte txikia zen G-IV mendiaren mendebaldeko aurpegian zabaldu nahi genuen bideari ekiteko.

»Hurrengo leiho onaren zain ezin ginenez geratu, mendiaren ipar-mendebaldeko ertza eskalatzea erabaki genuen. Elurroldeengatik, lehen egunean soilik 5.500 metrora heldu ginen. Biharamunean baldintza hobeak ziren, eta beste mila metro eskalatu genituen. Justu puntu horretan benetako ertza hasten da. Bide horretan zehar makina bat soka finko ikusi genituen. Ikuskizun horrekin pena handia hartu genuen; izan ere, G-IV bezalako mendi batek horrelako egoerarik ez du merezi.

»Bigarren bibaka 6.700 metrora egin eta biharamunean berriro ere elur sakonean lan gogorra egin genuen. Argi dugu alderdi teknikoetan askoz ere azkarragoak eta eraginkorragoak garela. Arratsaldean, errimaia antzeko batean hurrengo bibaka (7.500 m) prestatu genuen; haizeak eta elurrak gogor astintzen zuten. Garaiera horretan nire lehen gaua izan zen.

»Eguraldiak okerrera egin zuen, eta hurrengo metroak elurrarekin eta ia ezer ikusi gabe eskalatu genituen. Egoera horretan ohartu ginen gailur nagusia igotzeko aukera baztertu behar genuela; ipar tontorraren aukera ere kolokan zegoen.

»Azken tontor horretatik gertu ginela, berriro motibatu ginen. Azkenean, ipar tontorra zapaldu genuen. Ia denborarik galdu gabe eta egundoko arretarekin dendara jaitsi ginen.

»Biharamuneko jaitsiera askoz ere estresanteagoa izan zen; guretzat espedizioaren egunik gogorrena izan zen. Aurretik bi kilometroko jaitsiera elur freskoarekin eta elurroldeekin. Zorionez, 5.500 metrora ginela leku seguru batera heldu eta denda altxatu genuen; leher eginda geunden.

»Oro har, pozik eta gustura gaude egin dugun espedizioarekin eta haren emaitzarekin. Zoritxarrez, ez ditugu leiho on luzeagoak izan, eta horrek geure helburu nagusia zapuztu du. Bederen, harro gaude hain eguraldi eta baldintza traketsekin ondo jardun dugulako; bereziki G-IV mendiaren jaitsieran».