SAKELAKOAREKIN ORDAINTZEKO APLIKAZIOA GARATU DU BOLETUS-EK
Boletus aisia kudeatzeko aplikazio gisa sortu zuen Kepa Apraizek 2013an; baina negozio eredua aldatzeko beharra sumatuta Boletus Pay bilakatu dute. Ekainean egindako finantzaketa errondari esker, urte amaierarako 1.300 saltokitan erabilgarri izango da.

Boletus Network start-up bilbotarra 2013ko martxoan eratu zuen Kepa Apraiz bermeotarrak. Telekomunikazio ingeniariak Kategora higiezinen inbertsio aholkularitza enpresa abiarazi zuen urte batzuk lehenago. «Denbora nahiz diru apur bat» zuela ikusita, aisia kudeatzeko aplikazio bat sortzea erabaki zuen. Honen bidez, saltokiek eta tabernek eskaintza bereziak egiten zizkieten erabiltzaileei. Estatuan zabaltzeko asmoz, 300.000 € lortu zituzten 2014an egindako finantzaketa errondan. Azkar hazi ziren 3.500 saltoki parte-hartzaile eta 135.000 erabiltzaile izatera iritsiz. Gutxira, ordea, negozio eredua aldatzeko beharraz jabetu eta ordainketa sistema bat garatzen hasi ziren. Urte eta erdiko lanaren ondoren, Boletus Pay aplikazioa hedatzeko kapital zabaltzea egin dute. Ekainean osatutako finantzaketa errondan 570.000 € eskuratu dituzte, kapital zabaltze bidez. Gehiena, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du, baita inbertsore pribatu talde batek ere –besteak beste, Ticketbis-eko Jon Uriarte eta Ander Mitxelena edo Aletxu Etxebarria–.
Boletus Pay sistemak ez du antzekorik ez estatuan, ez nazioartean. «Aplikazioak geolokalizatu egiten gaitu eta zein taberna edo dendatan instalatuta dagoen adierazi. Hura aukeratu, kopurua jarri eta ordaindu», azaldu du Jon Beitia langile eta bazkideak. Lotutako kreditu txartelarekin, puntuekin edo Euros Boletusekin ordaintzeko aukera ematen du. Puntuak lortzen dira leku berean behin baino gehiagotan ordainduta; Euros Boletusak, berriz, sare sozialetan balorazio bat egiten duenak, hau da, horrela, gastatutakoaren %5 lortzen du. Abantailetako bat erosotasuna da, ordaintzeko gailua ukitu beharrik ez baitago; eta negozio jabeei fidelizaziorako aukera ematen die. Datafonoekin ez bezala, ordainketa bakoitza nork egiten duen badakite eta eskaintza pertsonalizatu eta bereziak egin ditzakete. Apraizen ustez, hori «icebergaren tontorra» baino ez da, sistemaren gainean gauza asko egin baitaiteke: «Hasi gara marketinean lanean. Heineken, Rioja Alta, Kaiku, Dinastia Vivancorekin… ari gara. Kanpaina potolo eta politak egingo ditugu sistemaren erosotasuna erakusteko».
Boletus Pay Bilbo erdialdean, Gasteizen, Iruñean eta Madrilen erabilgarri dago. 600 negoziotan hasi dira, baina urte amaierarako 1.200-1.300 inguru izatea aurreikusten dute. Gutxika hazi nahi dute ondo definituta dituzten pausoak emanez, inguruan erabiltzaileak behar dituela jakinda eta ezartzen den tokian marketin inbertsioa egin behar dutela. Ostalaritzara bideratu dute euren estrategia egunerokoan gehien gastatzen den sektorea delako. Ekintzaileak zehaztu duenez, «ohitura lortzeko eta jendeak ezagutzeko hor egon behar gara». Probatzen duenak atzera egiten ez duela diote. Aplikazioaren bidez egindako eragiketen %90 jada ordainketak dira eta astero %10 hazten da transakzio kopurua. Apraizek argi du joera hori izango dela. «Ez dakit Boletus izango den edo beste enpresa bat, baina bost urte barru sakelakoarekin ordainduko dugu dena».
Maiatzean IKT Berrikuntza Saria eman zioten Boletusi TelekoGauan. Apraizentzat «berezia» izan zen irakasle ohien eta enpresa handietako zuzendarien aurrean jasotzea. «Urte oso gogorrak» izan dira eta arduradunak nabarmendu du Bilbo eta Madrilgo bulegoetan duen hogei laguneko lantaldeari esker jaso dutela aintzatespena. «Soldata baxuekin, ordu asko sartzen... Ez dugu diruagatik egiten, asko ikasten dugu eta argi dugu esku artean dugunak zentzua duela eta lor dezakegula. Karrera bat bezalakoa da», laburbildu du ekintzaileak. Halere, sari handiena kalean jendea Boletus erabiltzen ikustea dela dio.
ekiteko garaian, garrantzitsua da aurretiazko lan esperientzia
Boletus Network elkarte mugatuko sortzaile Kepa Apraizek ekintzailetza odolean daramala dio. «Nigatik, hamar enpresa izango nituzke, baina familia, lagunak, bizitza eta enpresa... Dena ezin da». Banku munduan lanean hasi zen ingeniari, 2006an Kategora sortu zuen arte. Bere kabuz egin zuen, abalik eskatu ez zion banku baten maileguarekin, «inork arriskurik ez izateko». Egina zuen MBA baliagarria izan zitzaion, baina ezinbestekotzat jotzen du aurretiazko lan eskarmentua. «Hamalau orduko lanaldia, presioa, nazioartean aritu… Ikasi egiten duzu eta enpresa bat edukitzeko hori eta gehiago behar duzu. Ohituta bazaude errazagoa da», argitu du.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
