Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Galtzairugintza

Idatzietan tarteka egin ohi diren nahigabeko akatsak zoragarriak dira askotan, hitz berriak edo irudi berrien eraikitzaile bihurtzen baitira, irudimenaren pizgarri. Nire lagun batek ederra bota zuen aurrekoan, «altzairugintza» jarri nahi eta «galtzairugintza» idatziz. Zoragarria iruditu zitzaidan akatsa, akatsa deitzerik badago halako asmakizunari. Halakoaren aurrean irudimena dantzan jartzen da. Galtzairugintza definitzen hasiko gara: Altzairuzko galtzak egiten dituen bigarren sektoreko industria metalurgikoa. Edo antzeko zerbait. Eta orain pentsa dezagun zertarako ote dira jantzi bitxi horiek, nork jantziko ditu, zein egoeratan…, hamaika galdera egin dezakegu horren gainean, eta guztiei erantzutea jolas zoragarria bihurtuko da. Erantzunekin batera istorio bat asmatzen has gaitezke. Gianni Rodarik zioen istorio bat asmatzeko lehergailu fantastiko bat behar dela, ezin dela hutsetik hasi, irudimena martxan jarriko duen akuilua behar dela. Galtzairugintza lehergailu fantastikoa izan daiteke.

Kontagintza jolasa da, hizkuntzaren jolasa. Eta horregatik galdera erantzunen bilaketa bihurtzen da. Bilaketa fantastiko eta jolasgarri hau gabe hutsaren pare izango da kontaketa; izan ere, zer interes izango du bere buruari galderak egin eta erantzunak bilatzen ez dituen kontalariak? Zer ipuin kontatuko ditu? Bizitza bidaia hori da, galde-erantzunen bilaketarena; kontalariak jolas horretan murgiltzera gonbidatzen gaituelarik. Eta… galtzairugintzaren istorioa asmatu al duzue?