GARA
DONOSTIA

Hasier Etxeberria: «Minaren benetako hitza kartzinoma da»

Hasier Etxeberria kazetari eta idazleak minbizia duela iragarri du ZuZeu.com atarian duen blogaren bitartez. “Minbizia dut” izenburua duen artikuluaren bidetik eman du elgoibartarrak albistearen berri, publikoki. Bertan adierazten duenez, duela 25 urte bere ahots-kordetan «arroz ale txikitxo batzuk jaio ziren», kartzinoma izenekoak. «Kartzinoma, ez nuen izena ezagutzen. Euskarazko minbizia beti egin izan zait gaztelaniaren ‘cáncer’ baino leunagoa. Baina, nire kasuan, minaren benetako hitza kartzinoma da», dio.

«Orain, ordea, supituki berriro jaso dut gaitzaren albistea gorputzeko beste leku batean, bortitzago, biziago, erasokorrago. Eta orduan baino izen luzeagoa daroan arren, tartean dakar oraingoan ere niretzako asmatua dirudien hitz madarikatua: kartzinoma», jarraitzen du testuan. Bidean, literaturan aurkitutako onurak aipatu ditu, eta mende laurden atzerago bezala, orain bloga erabili nahi du bere mesedetan.